"Gipuzkoako Itzuliko garaipenaren atzean talde lan ikaragarria dago”

Guaixe 2019ko eka. 28a, 13:19

Gipuzkoako Itzulia irabazi du Sakana Group-Aralar taldeko Igor Arrieta txirrindulariak. Garaipena lortzeko talde guztiaren lana ʺezinbestekoa” izan dela nabarmendu du Sakana Group-Aralar jubeniletako zuzendari Eddi Cerviño lakuntzarrak

Sakana Group-Aralar jubeniletako zuzendaria da Eddi Cerviño. Javier Etxarriren laguntza izaten du Cerviñok, baina bera da arduradun nagusia. Denboraldi bikaina darama taldeak, garaipenak eta podiumak pilatzen ari da, eta astelehenean denboraldiko helburuetako bat lortu zuten, Gipuzkoako Itzulia irabaztea. Taldekide guztiek egindako lanarekin oso kontentu dagoela aipatu du Cerviñok.

Lau etapa zituen Gipuzkoako Itzuliak. Nolakoa izan da?
Aurtengo itzulia aurreko urteetakoa baina zailagoa izan da, batetik probaren beraren gogortasunarengatik, eta, bestetik, txirrindularien mailagatik. Aurreko urtetan bospasei txirrindulari zeuden gainontzekoen gainetik, baina aurten 20 inguru ziren. Txirrindularien maila altuagoa da. Eta gureak oso ongi aritu dira. Sekulako lana egin dute guztiek, talde lana ezinbestekoa izan da. Igor Arrieta oso ongi dabil, dohain handiak dauzka. 23 urtez azpikoen mailako onenen datuak ematen ari da. Baina beste txirrindulariak ere bikain dabiltza: Aitor Alberdi, Mikel Lizasoain, Inhar Astiz, Urko Gorriti, Unax Miranda, Sendoa Jauregi, Asier Irujo... guzti-guztiak. Gure taldean guztiak dira liderrak, ez dago inor bestearen gainetik, baina lasterketa bakoitzaren egoerak bata edo bestea laguntzera eramaten zaitu.

Nola planteatu zenuten Gipuzkoako Itzulia?
Guztiek aukerak izateko moduan planteatu genuen proba. Atariko etapa 2,1 km-ko erlojupekoa zen. Igor Arrietak erorikoa izan zuen kronoa hasi baino lehen eta kontuz aritu behar izan zuen; hala ere, Burundako Unai Aznar irabazlearengatik 3 segundora sailkatu zen. Aitor Alberdik sekulako erlojupekoa egin zuen; bigarrena izan zen, Aznarretik ehuneneko batzuetara. Mikel Lizasoain erori egin zen. Eta gainontzeko etapetan ongi ibili ginen. Arrietak lehen etapa irabazi zuen eta sailkapen orokorrean bi segundora jarri zen. Azken etapan, aurretik zehaztu genuen estrategia martxan jarrai genuen, dena ongi atera zitzaigun eta Itzulia irabaztea lortu genuen. Onartu beharra dago ere ordura arteko liderrak, Limousin taldeko Iñaki Diazek, lan handia eman digula. Talde lanak eman digu garaipena, zalantzarik gabe, guztiak bikain aritu direlako. Urko erdi lesionatua zegoen eta oso ongi aritu da, baita Inhar, Mikel… eta Unaxek azken etapan izugarri lan egin zuen.

Urrezko garaiak dira, beraz, Sakana Groupendako.
Jubeniletan aurreko bi urte oso onak izan genituen, Josu Etxeberriarekin eta taldekideekin, datozen biak onak izango dira, egun dugun taldea ikusita, eta kadeteekin aurreikuspen oso onak ditugu; beraz, beste bi urte on etor daitezke. Ezin gara kexatu. Nik beti esaten diet lasterketetara disfrutatzera eta ikastera joaten garela, baina gure buruan konfiantza dugu, talde ona osatzen dugu eta aurrean egoten eta garaipenagatik borrokatzen saiatzen gara. Gure aurtengo helburu nagusiak Gipuzkoako Itzulia eta Iruñeko Itzulia dira. Aurreko urtean biak irabazi genituen Josu Etxeberriarekin eta aurten Gipuzkoakoa irabazi dugu eta orain abuztuaren lehen astean jokatuko den Iruñeko Itzulia prestatzen ari gara.

Tropeleko talde onenen artean zaudete sakandarrak.
Bueno... Aurten, babesle berriarengatik eta beste hainbat faktorerengatik motibazio gehiago dugu eta talde bezala batuagoak gaude. Esaten diet ez garela talderik indartsuena baina bai batuen dagoena, eta horrek, finean, indartsuago egiten zaituela. Oso harreman ona dugu eta talde ona. Estatu mailako bi txirrindularirik onenetakoak ditugu, Arrieta eta Alderdi, eta gainontzekoak ere oso ongi daude. Horretatik guztiagatik oso pozik gaude. Baina ez da ahaztu behar honen guztiaren atzean lan eta entrenamendu asko dagoela. Gazteei konfiantza eman behar diezu, eurekin lan egin eta euren ondoan egon.