Sakandarren arteko finalik gabe geratu gara

Guaixe 2019ko uzt. 1a, 10:55

Joanes Bakaikoa eta Artola, larunbatean BaraƱainen jokatutako finalerdian. Argazkia: Diario de Noticias.

Sanferminetako lau t’erdiko finalerdietan, Altunak 19 eta 22 irabazi zion Ezkurdiari lehia bikainean eta Artolak 9 tantotan utzi zuen Joanes Bakaikoa etxarriarra

Uztailaren 7an jokatuko den Sanferminetako lau t’erdiko final handian ez da pilotari sakandarrik egongo. Askok Joseba Ezkurdiaren eta Joanes Bakaikoaren arteko finalarekin egiten zuten amets, baina ametsa, kasu honetan, ez da errealitate bilakatu, bi pilotariak finalerdietan erori baitziren.

Ostiral gauean jokatu zen Ezkurdiaren eta Altuna III.aren arteko finalerdia, Sopelan. Partidaren hasieratik bukaeraraino emozioa izan zen nagusi, partida bikaina eskaini baitzuten biek. Markagailuan batak zein besteak hartu zuten aldea. Hasieran paretsu ibili ziren biak, bira, hirura eta laura berdindu zuten. Baina hor tarte ederra ireki zuen Altunak, 4 eta 12 aurreratu baitzen. Beroa eta partidaren gogortasuna antzeman zuten pilotariek, eta nahiz eta Altuna 8 eta 17 aurreratu, Ezkurdiak ez zituen besoak jaitsi. Gutxika, aldea murrizten hasi zen arbizuarra ez zuen tokitik indarra atera eta gero. Horrela, 19 eta 20 hurbildu zen Ezkurdia markagailuan, baina sake bat huts egin zuen eta sakea berreskuratu eta gero, Altunak ez zuen azken txanpa horretan huts egin eta 19 eta 22 irabazi zuen gipuzkoarrak.

Partida ona egin zuen Ezkurdiak, baina bukaeran onartu zuen partida erdialdean indarrik gabe geratu zela. Nolanahi ere, Sopaleko zaleen txaloak jaso zituen eta, hemendik aurrera, lau t’erdian ez baina Sanferminetako Binakako Torneoan jarriko ditu indarrak arbizuarrak. Zabaletarekin osatuko du bikoa.

Bakaikoak ez zuen bere maila eman
Larunbatekoa ez zen Joanes Bakaikoaren egunik onena izan. Sanferminetako lau t’erdiko finalerdia jokatu zuen Etxarriko pilotariak Iñaki Altunaren kontra, Barañainen. Retegi pilotalekuak labea zirudien eta beroa izan zen pilotarien etsaietako bat. Barañain festetan murgildua zegoen, eta zaleak alde izan zituen pilotari etxarriarrak. Txapelketa bikaina egitetik zetorren etxarriarra, Victor, Laso eta Olaizola mendean uztetik, eta pilota zaleek etxarriarraren beste sorpresa bat espero zuten. Baina Artola oso arerio gogorra eta zaila zela aipatu zuen etxarriarrak, eta hala suertatu zen.

Egia esan, partida ongi hasi zen bi pilotariendako. Parez pare aritu ziren biak; 6 eta 3 aurreratu zen Artola, baina Bakaikoak 6 eta 8-ko aldea ere lortu zuen. Artolak zortzira berdintzea lortu zuen eta hortik aurrera hasi zen Bakaikoaren sufrikarioa. Partidaren ardura hartu zuen Artolak, eta ez zion apenas aukerarik eman Etxarrikoari. Sake perfektuak egin zituen, eta haiek erantzuten lan handia izan zuen Bakaikoak. Berotzarraren eragina nabaritzen hasi ziren bi pilotariek, eta Bakaikoak behera egin zuen. Aldiz, 13 eta 9tik zuzenean 22ra joan zen Artola eta, azkenean, 22 eta 9 irabazi zuen gipuzkoarrak eta Sanferminetako lau t’erdiko finalerdietara sailkatu zen. Bakaikoak aitortu zuen sekulako amorrua eman ziola finalerdietan bere maila eman ez izanak, eta Artolaren sakea guztiz erabakigarria izan zela.

Beraz, Sanferminetako lau t’erdiko finala Altuna III.ak eta Artolak jokatuko dute.