Gehiengo sindikalak lan-istripu mortala deitoratu du

Guaixe 2019ko uzt. 1a, 14:52
50 bat pertsona elkartu dira kontzentrazioan.

ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU eta CGT sindikatuek deituta Prekarietatea hiltzailea, lan istripu gehiagorik ez! leloa duen kontzentrazioa egin dute Lakber enpresaren parean gaur. 50 bat pertsona elkartu dira “lan-istripu mortala deitoratu eta haren inguruabarrak berehala argitzea exijitzeko”.

Sindikatuetako ordezkariek azaldu dutenez, “lan istripu guztiak tamalgarriak diren arren, bereziki kezkatzen gaitu Sakana Sociedad Cooperativan eta bere lantegietan azken lau urteetako hiru langile hil direla jakiteak”. Enpresaren egoerarekin “oso kezkatuta” daudela gaineratu dute: “irmo baino irmoago exijitzen diegu erakunde publiko nahiz enpresako arduradunei gaurko ezbeharraren inguruko guztiak argitzea, prebentzio neurriak hartu ziren ala ez, neurri horiek egokiak ziren ala ez... Gertatutakoaren larritasunak behar diren argibide guztiak ematea eta gardentasuna bermatzea eskatzen du”.

Sindikatuetako eledunen iritziz, “prekarietatea, eskubide falta eta prebentzio neurri egokiak ez hartzea dira lan-istripu eta gaixotasunen oinarrian dauden arrazoiak: aldi baterakotasuna, malgutasuna, azpikontratazioa, lan-erritmo bortitzak, babesgabetasuna, presioak, formakuntza eza...”

Ziurtatu dutenez, “egiturazko arazo baten aurrean gaude: kronifikazioa, ezbehar-kopurua eta osasun-kalteak handitu izana. Patronalak, ahalik eta irabazi handienak ahalik eta epe laburrean lortzeko duen gose asegaitzaren, nahiz lan-erreformek eragin duten prekarietate sarearen ondorio zuzena da”. Prekarietatea “hedatzen” ari dela eta “beharrezko prebentzio neurriak hartzen ez direla” gaztigatu dute: “gero eta gehiago dira egunero-egunero beraien bizitza arriskuan jartzera behartuta hiltzen diren diren langileak. Hala, lan-istripuak oinarrizko segurtasun neurriekin ekidin daitezkeela azpimarratu nahi dugu”. Konponbidea ere argi dute gehiengo sindikalekoek: “lan eta bizi-baldintza duinak behar ditugu eta lanetik etxera bizirik itzultzeko eskubidea dugu”. Hori bermatzeko, sindikatuetako ordezkariak langileekin eta kooperatibistekin elkarlanerako prest agertu dira. Eurena “prebentzio neurrien eta pertsonen aldeko ekimena” izan dela gaineratu dute.

Sindikatuetako ordezkariek salatu dutenez, asteartean hildako etxarriarra Hego Euskal Herrian bere lanpostuan hildako 27.a da, Nafarroako 9.a. Ezbeharrean zendutako langileak hiru hilabete zeramatzan Mecanizados Lakberren lanean. Azkenik, elkartasuna, babes osoa eta dolumin sentituenak helarazi dizkiete hildakoaren familia, lagun eta lankideei.