Kadeteen Urdiain Saria jokatuko da gaur

Guaixe 2019ko uzt. 2a, 11:24
Aurreko urteko Urdiaingo kadeteen trofeoko txapelduna, Iker Mintegi, helmugara sartzen.

Arratsaldeko 17:30ean hasiko da lasterketa, Urdiaingo herriaren etxe paretik

Larunbatean eskola mailako lasterketa jokatu zen Urdiainen, baina gaur, asteartean, kadete mailako txirrindulariek hartuko diete lekukoa txikienei. Kadeteen II. Urdiain Saria jokatzeko (51 km). Burunda Txirrindulari Taldeak antolatu du Urdiain, Iturmendi eta Ziordia artean jokatuko den proba, hainbat babesleren laguntzarekin. 17:30ean abiatuko da tropela Urdiaingo herriaren etxe paretik.

Altamira bitan
Ibilbideari dagokionez, hasieran Iturmendiraino joango dira txirrindulariak, buelta hartu eta Ziordiraino heltzeko. Ziordian norabidea aldatu eta Olaztin sartuko dira, Altamira igo eta Altsasura jaisteko. Altsasutik aurrera jarraituko dute, atzera ere Iturmendiraino. Han buelta hartu eta berriz Ziordiraino joko dute, itzuli egin eta, atzera ere, Altamira igo eta jaisteko. Altamira bigarren aldiz igo eta jaitsi ondoren Urdiaingo helmuga izango dute helburu txirrindulariek. 

Aurreko urteko lasterketan orduan kadete mailan aritzen zen Burunda klubeko Iker Mintegi altsasuarrak irabazi zuen lasterketa, helmugako esprintean Igor Arrietaren aurrean gailendu eta gero. Horretaz gain, mendiko saria lortu zuen altsasuarrak eta bere taldea, Burunda klubeko Quesos Albeniz, izan zen onena.

Quesos Albenizko Sergio Lopez bosgarrena Undianon
Igandean Kadeteen Lacturale Trofeoa jokatu zen Undianon (58 km). Zatika taldeko Nicolas Alustizak erasoa jo eta bakarrik iritsi zen helmugara (1:40:50), eta 3 segundora Limousin Oria taldeko Unai Zubeldia sartu zen. Top-10ean talde sakandarretako bi txirrindulari sartu ziren. Bosgarrena Burunda klubeko Quesos Albeniz taldeko Sergio Lopez izan zen, 11 segundora, eta hamargarrena Sakana Group-Aralar taldeko Martxel Etxeberria, 27 segundora. Hugo Aznar (Q. Albeniz) 13.a sailkatu zen, Oihan Etxeberria (Q. Albeniz) 32.a, Aimar Tadeo (Sakana G.) 33.a, Mikel Uncilla (Q. Albeniz) 40.a, Alex Lopetegi (Sakana G.) 55.a eta Unax Trevejo (Q. Albeniz) 57.a. Taldekako sailkapenean Quesos Albeniz bigarrena izan zen, Cafenasaren atzetik, eta Sakana Group zotzigarrena.