Aramendia, Etxeberria, Lasa eta Izagirre Espainiako Txapelketetan

Guaixe 2019ko uzt. 2a, 10:28

23 urtez azpiko Espainiako Txapelketetako lasterketan Eneko Aramendia, Josu Etxeberria eta Ailetz Lasa oso fin ibili ziren eta elite mailako Espainiako Txapelketetako erlojupekoan Gorka Izagirre hirugarrena sailkatu zen

Asteburuan Espainiako Txirrindularitza Txapelketak jokatu ziren Murtzian. Txirrindulari profesional, elite eta amateur onenak bildu ziren bertan, tartean lau sakandar, Goierriko TB-Laboral Kutxako Eneko Aramendia iturmendiarra eta Ailetz Lasa ziordiarra eta Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko Josu Etxeberria iturmendiarra, hirurak afizionatuen 23 urtez azpikoak, eta Ziordian bizi den Gorka Izagirre txirrindularia, Astana taldeko elitea. Lan oso txukuna egin zuten guztiek.

Eneko Aramendia zazpigarrena 23 urtez azpiko lasterketan
Eneko Aramendia, Josu Etxeberria eta Ailetz Lasa Nafarroako selekzioarekin aritu ziren 23 urtez azpiko errepideko proban (157,8 km, Archena eta Lorca artean) Unai Esparza, Asier Etxeberria, Carlos Ruiz eta Migel Azkonarekin batera. Erlojupekoan, aldiz, Iñaki Irazokik eta Sergio Araizek ordezkatu zuten Nafarroa.

Errepideko proban ongi aritu ziren Nafarroako selekziokoak. Unai Esparza hasierako hiru ihesaldietan sartu zen, eta 30. kilometroan, aurrera egin zuen behin betiko ihesaldian, Nafarroako Eneko Aramendia eta Iñaki Irazoki sartu ziren. La Perdiz portuan Eneko Aramendiak etapako 8 onenen artean eustea lortu zuen, eta Andaluciako Carmelo Urbanok irabazitako lasterketan (4:03:31) zazpigarrena sartu zen iturmendiarra, 3:25era. Josu Etxeberria 67.a iritsi zen, 10:34ra, eta Ailetz Lasak ez zuen proba bukatu.

Gorka Izagirre hirugarrena erlojupekoan
Eliteen mailan Astana taldeko Gorka Izagirre oso fin ibili zen Espainiako Txapelketetan. Yeclan jokatutako 39,4 km-ko erlojupekoan Jonathan Castroviejo (Ineos Team) ikusgarri aritu zen eta bera izan zen azkarrena (46:01). Gorka Izagirre podiumera igo zen, hirugarrena sailkatu baitzen, minutu pasara (47:29). Eta errepideko lasterketan (194,9 km, Los Alcazares eta Murcia artean) Alejandro Valverdek (Movistar Team) eta Luis Leon Sanchezek (Astana) lehia oso estua izan zuten eta esprint oso justuan Valverde gailendu zen; Espainiako txapelduna dugu murtziarra (4:33:49). Gorka Izagirrek lan bikaina egin zuen bere taldekide Luis Leon Sanchezen alde, aurrean ibili zen tarteka eta 24.a iritsi zen helmugara, 28 segundora.