Lau pilotari sakandarrak Bizkaia Torneoan ariko dira

Maider Betelu Ganboa 2019ko uzt. 2a, 09:50

Ezkurdiak Martijarekin osatuko du bikoa Ganekogorta taldean, Zabaletak Elezkano II.arekin Oiz taldean, eta Bakaikoa Sollube taldean ariko da, lau t’erdian

Atzo aurkeztu zuten uztailaren 21ean hasi eta abuztuaren 20an erabakiko den Bizkaia Torneoa. Guztira 24 pilotari lehiatuko dira, 12 enpresa bakoitzeko, eta taldeka lehiatuko dira; Bizkaiko mendien izenak izango dituzte txapelketan ariko diren 6 taldeek. Talde bakoitzak binakakoan ariko den bikote bat, lau t’erdian ariko den ordezkaria eta buruz buru lehiatuko den pilotaria izango ditu.

Pilotari sakandarrei dagokienez, ibarreko lau pilotari profesionalek hartuko dute parte Bizkaia Torneoan. Ganekogorta taldeko bikotea izango dira Joseba Ezkurdia eta Julen Martija. Aldiz, Oiz taldeko bikotea izango dira Jose Javier Zabaleta eta Elezkano II.a. Eta Sollube taldeko lau eta erdiko ordezkaria izango da Joanes Bakaikoa. Bizkaia Torneoan ez dira Irribarria eta Oinatz Bengoetxea ariko.

Txapelketa uztailaren 21ean hasiko da, final laurdenetako bi kanporaketekin. Asperen adarrekoa Barakaldon jokatuko da –Gorbeia eta Ganekogorta taldeen artekoa– eta Baikokoa Etxebarrin, Sollube eta Kolitzaren artekoa. Aspeko biko irabazleak Oiz izanen du zain, Ermuan uztailaren 25ean jokatuko den partidan, eta Baikoko irabazleak Anboto izango du esperoan uztailaren 28an Zierbenan. Bi adarreko irabazleek final handia jokatuko dute abuztuaren 20an Bizkaia pilotalekuan, Bilboko Aste Nagusian.

Taldeak
Ganekogorta: Ezkurdia-Martija binaka, Peio Etxeberria lau eta erdian eta Zabala buruz buru.
Oiz: Elezkano II.a-Zabaleta binaka, Jaka lau eta erdian eta Elordi buruz buru.
Gorbeia: Altuna III.a-Rezusta binakakoan, Retegi Bi lau eta erdian eta Dario buruz buru.
Sollube: Artola-Albisu binaka, Bakaikoa lau eta erdian eta Urretabizkaia buruz buru.
Anboto: Olaizola II.a-Aretxabaleta binaka, Laso lau eta erdian eta Arteaga buruz buru.
Kolitza: Urrutikoetxea-Mariezkurrena binaka, Victor lau eta erdian eta Agirre buruz buru.