3X3 Ziordia Saskibaloi Torneo solidarioa uztailean

Guaixe 2019ko uzt. 3a, 15:18

Uztailaren 27an Ziordian jokatuko da diagnosirik ez duen eta terapia-behar bereziak dituen Markel Carmona haur gipuzkoarraren alde

Ziordiak beste kirol ekimen solidario bat hartuko du. Uztailaren 27an III. 3X3 Ziordia Saskibaloi Torneo solidarioa antolatu dute, Markel Carmonaren alde. Markel Urnietako haur bat da, oraindik diagnosirik ez duen gaixotasun bat duena. Terapia eta behar bereziak ditu Markelek, eta saskibaloi torneoan zozketatuko dituzten saskietan ateratzen den guztia bere familiari emango dio antolakuntzak, euren egunerokotasunean lagungarri izateko.

Uztailaren 27an jokatuko den 3x3 Ziordia Saskibaloi Torneoarekin gaztetxoenengan saskibaloia sustatu nahi dute eta goiz ederra pasa. Izena ematea dohainik izango da baina Markelen alde zozketatuko den saskirako txarteltxoren bat erostea derrigorrezkoa izanen da. Txartelak euro bateko prezioan jarriko dira salgai, eta etekin guztiak Markelen senitartekoendako izango dira.

Sakana Groupen laguntza
Markel Carmonaren egoeraren berri ere izan du Lakuntzako Sakana Group kooperatibak, eta Markelendako aulki berezi bat erosi ahal izateko laguntza ekonomiko handia eman du kooperatibak. Izan ere, Markelen aita korrikalaria da eta aitak sarritan Markel lasterketetara ematen du aulkitxo batean, lasterketetan aritzea haurrari oso ongi doakiolako, baina hemendik aurrera aulki bereziago bat behar izango du Markelek, eta aulki garesti hori erosi ahal izateko laguntza lortzen ari dira. Sakana Groupek emandako laguntzagatik ʺoso eskertuta” daudela adierazi du Markelen aita Vicente Carmonak.