Etxeberria eta Uncilla protagonistak Urdiainen

Guaixe 2019ko uzt. 4a, 11:51

Sakana Group-Aralar taldeko Martxel Etxeberria iturmendiarrak irabazi zuen kadeteen II. Urdiain Saria, Burundako Quesos Albeniz taldeko Mikel Uncillari esprintean gailenduz. Uncillak mendiko saria eta kadeteen lehen urteko saria jaso zituen

Asteartean kadeteen II. Urdiain Saria jokatu zen, Burunda Txirrindularitza Taldeak hainbat babeslerekin antolatutakoa. Atzera ere talde sakandarrak, Burundako Quesos Albeniz eta Aralar klubeko Sakana Group, probako oilarrak izan ziren.  Urdiain, Iturmendi eta Ziordia artean jokatu zen 51 km-ko lasterketa, eta Altamira bitan igo behar izan zuten txirrindulariek.

Erritmo oso altuan ibili ziren txirrindulariak eta etengabeko erasoak gertatu ziren. Azkenean, faboritoen taldetxoa geratu zen aurrean, atzetik sortutako taldeei distantzia ateratzen joan zena. Aurrean mugimenduak izan ziren baina faboritoek ongi kontrolatu zuten burua eta, azkenean, bost txirrindulariz osatutako taldea izan zen helmugara batera iritsi zena. Urdiainera igotzeko maldan esprint oso estua izan zuten eta, azkenean, Sakana Group-Aralar taldeko Martxel Etxeberria izan zen lehena (1:20:16), Burundako Quesos Albenizko Mikel Uncillaren aurretik. Cafenasako Nicolas Gomezek osatu zuen podiuma eta Aimar Tadeo (Sakana G.) 7.a sartu zen. Garaipena lortzeagatik oso pozik zegoen Martxel Etxeberria. Iturmendikoak pausu bat eman du aurrera eta denboraldiko bere hirugarren garaipena da hau.

Gainontzeko sakandarrak atzerago iristen joan ziren, tantaka. Jon Chamorro (Q. Albeniz) urdiaindarra 18.a iritsi zen herriaren etxe pareko helmugara, 59 segundora, Jon Erdozia etxarriarra (Sakana G.) 19.a sartu zen, 1:03ra, Alex Lopetegi (Sakana G.) 25.a, 1:17ra, Oihan Etxeberria (Q. Albeniz) 35.a, 2:07ra, Unax Trevejo (Q. Albeniz) 37.a, 2:11ra, Aitor Ondarra (Sakana G.) 39.a, 2:11ra, eta Julen Guerrero (Q. Albeniz) 44.a, 2:11ra.

Martxel Etxeberriak garailearen kopa eta lore sorta jaso zituen, baina trofeo gehien pilatu zituena Mikel Uncilla izan zen. Etxeko txirrindulariak bigarrenaren trofeoa, mendiko trofeoa eta kadeteen lehen urteko trofeoa eraman zituen etxera. Tartekako helmugen saria El Proex Grupo Empresaria taldeko Diego Ruiz de Arkautek jaso zuen eta probako talderik onena Gama-Scania-Erro y Eugui izan zen. Saskana Group hirugarrena sailkatu zen eta Quesos Albeniz 5.a.

Uztailaren 17an Iturmendin
Burunda Txirrindularitza Klubak kadeteen lasterketa antolatuko du Iturmendiko festetan, uztailaren 17an.