Erbiti eta Izagirre Tourrera

Guaixe 2019ko uzt. 4a, 15:18

Imanol Erbiti Movistar Team-eko taldegizon preziatuenetarikoa da. Argazkia: Photo Gomez Sport / Movistar Team

Larunbatean hasi eta uztailaren 28an despedituko da 100. Tourra. Hiriberriko Imanol Erbitik bere 10. Tourrari ekingo dio eta Landa eta Quintana babestea izango da bere lana, eta Ziordian bizi den Gorka Izagirrek Jakob Fuglsang liderra lagunduko du

Sanferminekin batera, larunbatean, uztailaren 6an abiatuko da Frantziako Tourra, Bruselan hasi eta despedituko den 194,5 kilometroko etapa lauarekin. Aurten data borobila du Tourrak, 100 urte betetzen baititu Le Grande Boucle izenez ezagutzen den munduko txirrindularitza probarik garrantzitsuenak. Zifrak ikusgarriak dira: munduko 22 talderik onenak lehiatuko dira, 176 txirrindulari guztira, alboan 450 teknikari eta laguntzaile dituztela. 21 etapetan 3.480 km egingo dituzte Bruselan hasi eta Parisen despedituta, eta 30 mendi gain gaindituko dituzte. 7 etapa lau, 5 etapa gorabeheratsu, 7 mendi etapa, taldekako erlojupeko bat eta erlojupeko indibiduala izanen dituzte. Azkenaldiko Tourrik menditsuena izango da aurtengoa; Pirinioek eta Alpeek ez dute huts eginen, eta bertan ongi moldatu beharko du maillot horia jantziko duenak.

Tartean bi sakandar ariko dira: Hiriberriko Imanol Erbiti (Movistar Team) eta Ormaiztegikoa den baina Ziordian bizi den Gorka Izagirre (Astana). Biak txirrindulari oso estimatuak dira tropelean eta euren liderren alde lan egiteaz gain, euren aukerak aprobetxatzen saiatuko dira.

Fuglsang, Landa eta Quintana laguntzera
Astana taldeak talde indartsua prestatu du. Gorka Izagirrerekin batera, Jakob Fuglsang, Pello Bilbao, Luis Leon Sanchez, Alexay Lutsenko, Magnus Cort, Omar Fraile eta Hugo Houle txirrindulariek osatuko dute taldea. Liège-Bastogne-Liège eta Dauphiné irabazi dituen Jakob Fuglsang izango da liderra, eta hari laguntzea izango da Izagirreren lana. Aurtengo sorpresetako bat izan nahi du Fuslsangek, eta bide horretan egingo du lan Astanak. Jakina, Ziordian bizi den gipuzkoarrak sortzen zaizkion aukerak probestu nahiko ditu.

Movistar Team da Frantziako Tourreko talderik beteranoena. Hainbat izenekin aritu izan da Eusebio Unzuéren taldea, eta Sky taldea ordezkatzen duen Ineos talde faboritoa ordezkatzen saiatuko da Unzuék eta Jose Luis Arrietak zuzenduko duten Movistar Team. Talde ikusgarria prestatu dute, bi liderrekin: Mikel Landa eta Nairo Quintana. Haiek laguntzen luxuzko gregarioak: Alejandro Valverde, Marc Soler, Andrey Amador, Carlos Verona, Nelson Oliveira eta Imanol Erbiti. Hiriberriko txirrindulariak 35 urte ditu eta aurten bere 10. Tourrari ekingo dio, 2010etik urtero hartu baitu irteera Le Grande Bouclen. 2012an erorikoa izan zuen eta proba utzi behar izan zuen, baina gainontzeko edizio guztietan Tourra bukatzea lortu du. Ez dago esaterik luxuzko gregarioa eta talde gizona dela Erbiti, bere liderrengatik husten dena, eta liderrek haren laguntza izan nahi dutela beti.

Faboritoak
Tom Dumoulin eta Chris Froome dira aurten Tourrean huts egingo duten txirrindulari nagusiak. Haien faltan, aurten  Jakob Fuglsang (Astana), Geraint Thomas eta Egan Bernal (Ineos), Nairo Quintana eta Mikel Landa (Movistar Team), Thibaut Pinot (Groupama-FDJ), Romain Bardet (Ag2r La Mondiale), Adam eta Simon Yates anaiak (Mitchelton-Scott), Nibali (Bahrain-Merida), Rigoberto Uran (EF Education First), Richie Porte (Trek Segafredo), Fabio Aru (UAE Emirates), Wilco Kelderman (Sunweb) eta Ilnur Zakarin (Katusha) dira faborito nagusiak.