Odola emateko deia

Guaixe 2019ko uzt. 4a, 18:23
Odola emateko autobusa Ziordian.

Nafarroako Odol eta Ehunen Bankuak uda honetan odol emateak egiteko deia egin du, erreserbak igotzeko.

Nafarroako Odol eta Ehunen Bankuak gizarteari dei egin dio odola ematera joan daitezen uda eta San Ferminetara begira erreserbak igotzeko. Izan ere, epe horretan ohikoa da odol-transfusioen beharrak gora egitea. Hematie kontzentratuak eta plaketa unitateak behar dituzte. Aurrenekoak 42 egunetan iraungitzen dira, atzenak aste bakarrean. “Horregatik, beharrezkoa da odol emateen jario etengabe eta jarraitua izatea eta, ahal den neurrian, odol-emaileen oldeak saihestea, odola ez iraungitzeko” .

Deia azken bi hilabeteetan eman ez duten ohiko odol-emaileei egin diete. Eta oporretan atzerrira joan behar dutenei gaztigatu dietenez, joan aurretik odola eman. “Munduko zenbait tokitara egindako bidaiek aldi baterako odolik ezin ematea dakar eta”. Gainera, aurrenekoz eman nahi dutenei ere dei egin diete. Odol-emaileen autobusa herrian denean hara jotzeko edo bestela Iruñeko odol bankura joateko aholkatu diete. Argibide gehiagorako 848 422 500 telefonora hots egin edo Nafarroako Odol-emalieen Elkartearen, Adonaren web orrira jo.