Turismo informazio bulegoa zabalik

Guaixe 2019ko uzt. 6a, 09:31
Aralarko turismo bulegoa zabalik dago joan den larunbataz geroztik. Argazkia: SAKANA.EUS

Aralarko santutegi ondoan dago astelehenetik larunbatera 10:00etatik 18:00etara, eta igandeetan 10:00etatik 14:00etara. 2018an 7.408 bisitari pasa ziren handik.

Aralarko santutegi ondoko turismo informazio guneak larunbatean ireki zituen ateak. Irailaren 24ra arte handik pasatzen diren turistei, bisitariei eta nahi duen edonori Aralar, Sakana eta Plazaola eremuetako turismo eta natur baliabideen inguruko informazioa emanen zaie han. Horretaz arduratuko dira Maite Perurena eta Iosune Diaz.

Aralarko turismo informazio-puntua elkarrekin kudeatzen dute Sakanako Mankomunitateak eta Plazaola turismo partzuergoak. Urtero erakunde bati dagokio turismo informatzaileak kontratatzea eta aurten Mank-en txanda izan da. Bi erakunde horiek gainera hitzarmena sinatu zuten Aralarko Elkartearekin eta Aralarko santutegiarekin. Haren helburua da laurak Aralarren sustatzen diren ekintzetan elkarlanean aritzea. Hala gogorarazi digu Paki Urbitartek, Sakanako Garapen Agentziako turismo arduradunak.

Urbitartek argitu digunez, joan den urtean Aralarko turismo informazio puntua 91 egunez egon zen irekita, garilaren 3tik lastailaren 2ra. “Guztira 7.408 bisitari pasa ziren Aralarko informazio puntutik, horietatik % 89,6 espainiar estatukoak ziren eta % 10,4a atzerritik etorritakoak”. Bisitarien jatorriaz galdetuta, Urbitartek esan digu Aralar bisitatzen duten gehienak Euskal Autonomi Erkidegokoak, Nafarroakoak, Kataluniakoak eta Madrilgoak direla, eta atzerritarren kasuan Frantziatik etorritakoak.