“Gure helburua da proiektu digitalen ekosistema bat eratzea da”

Guaixe 2019ko uzt. 6a, 12:34

Ignacio Ugalde, David Oroz, Amaia Ekisoain eta Pilar Irigoien astelehenean hitzarmena sinatzen.

Dinabidek kolaboratzaile sarea zabaldu du eraldaketa digitalaren esparruan ekintzailetza eta enpresa-garapena bulkatzeko. CEIN, Sodena, ANEL eta Cederna-Garalurrekin hitzarmenak sinatu ditu.

Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroak (CEIN) eta Nafarroako Garapen Sozietatea (Sodena) ordezkatuz Pilar Irigoien, Nafarroako Gizarte Ekonomiako Enpresen Elkarteko  (ANEL) presidente Ignacio Ugalde, Cederna-Garalurreko lehendakari-orde Amaia Ekisoainek eta  Sakanako Garapen Agentziako (SGA) David Orozek akordioa sinatu zuten Dinabiden astelehenean. Eraldaketa digitalaren esparruan ekintzailetza eta enpresa-garapena bulkatzeko Dinabidek kolaboratzaile sarea zabaldu du horrela. Izan ere, lau erakundeek Sakanan enpresen eraldaketa digitala sustatzeko ekimenak lagunduko dituzte.

SGAko Energia eta Industria arduraduna den Aintzane Iriberri Berrostegietak azaldu zigunez, “Cederna-Garalurrek Sakanan ekintzailetza sustatzeko zerbitzua eskaintzen du. CEINek hainbat ekintzailetza programa ditu eta mentoring edo aholkularitza bide-orriak egiten laguntzen du. Azkenik, ANELek ere ekintzailetza sustatzen du, baina kooperatibei begira”. Iriberriren arabera, astelehenean sinatutako hitzarmenek “bermatuko dute hemen proiektuak garatuko dituzten pertsonengana erakunde horien zerbitzuak iristea”.

Iriberrik azaldu zigunez, asteleheneko sinadura ekitaldia “Dinabide proiektuak behar dituen zerbitzuak bermatzeko eta bideratzeko hainbat entitaterekin egiten ari garen akordioen barruan dago”. Azaldu duenez, “hasieratik Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialarekin eta Fundacion Industrial Navarrarekin (FIN) eraldaketa digitala sustatzeko hitzarmena dugu”. Sakanako Enpresarien Elkartearekin ere badute hitzarmena sinatuta. SGAkoek Dinabideren kolaboratzaile sarea indartzea espero dute.



Hiru atal
Dinabidek hiru oinarri ditu: prestakuntza, eraldaketa digitala sustatzeko enpresei begirako proiektuak eta coworking-a edo lankidetza. Prestatzen ari diren eraikinak bi zati ditu: laborategia eta lankidetza espazioa. Iriberrik azaldu digunez, “coworking espazioan jendeak lan egiteko aukera izanen du. Hemen saiatuko gara digitalizazioaren inguruko ekosistema irekia sortzen”.

Ekosistema horrek zer behar izanen zituen aztertu zutenean, “konturatu ginen ekintzailetza sustatzeko aholkularitza oso baliagarria izanen litzatekeela. Norbaitek proiektu-ideia gauzatu nahi balu, edo enpresa txiki batek digitalizazioaren esparruan negozio linea berri bat sortu nahi balu, Dinabiden lanera etortzeko aukera luke, baita aholkularitza jasotzeko ere”. Hori da astelehenean itxi ziren hitzarmenen arrazoia, Dinabiden ari direnek kolaboratzaileen laguntza zerbitzuetara “lehentasunezko sarbidea” izatea. Aldi berean, erakunde kolaboratzaileek azpiegiturak eta teknologia ekipamenduak erabiltzeko aukera izanen dute.

Hitzarmena sinatu zuten guztiek nabarmendu zuten Dinabideren eskualdez gaineko bokazioa eta parte hartze irekiko planteamendua. Horrekin batera, Nafarroako espezializazio adimenduaren estrategian (S3) zehaztutako helburuak gauzatzeko duen interesa azpimarratu zuten. “Aipatzekoa da Eskualde Aktibazio Planaren baitan, Nafarroako Gobernuko Ekonomia Garapenerako Departamentuak emandako bulkada”.

Ikasturte berrirako
Dinabideko coworking edo lankidetza espazioa egokitzeko lanak aurreratuta daude, baina ez guztiz despedituta. Sartu eta ezkerretara dago. Iriberrik azaldu digunez, 16 lanpostu, prestakuntza gela eta bilera gela txiki bat daude. 200 metro karratu hartzen dute guztira. Dinabideren eskuineko aldean ikerketa eta garapenerako laborategia edo tailerra dago. “Hainbat teknologia lantzeko ekipamendua jarriko dugu. Uste dugu irailerako fabrikazio eransgarrian oinarritutako teknologia, robotika eta bestelako teknologiako makinak ekarriko ditugula. Beraz, etortzen diren pertsonak edo enpresek teknologia eskuragarri izanen dute. Berrikuntzan oinarritutako coworking-a edo lankidetza da”. Beraz, Dinabiden topo eginen dute hutsetik hasten diren ekintzaileak eta han lanean ari diren enpresetako ordezkariek. “Guretako hori da interesgarriena. Ez dakigu zer eskaera izanen dugun, baina ez dugu aterik itxi nahi. Beti ere, digitalizazioarekin lotura izan behar du”.

Dinabide forma hartzen ari da, baina dagoeneko prestakuntza gelak bi ikastaro hartu ditu. Joan den astean ziber-segurtasunari buruzko tailerrak izan ziren. Iriberrik argitu digunez, tailerretan “enpresek euren egoerari buruzko diagnosia egin zuten. Elkargoaren Digital Eraldaketarako Bulegokoek eman zuten”. Bestetik, AIN 4.0 mandoa ikastaroa eskaintzen ari da azaroa bitartean, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak finantzatuta. “Ikusten dugu Sakanako eta inguruko enpresek eraldaketa digitalean sekulako interesa dutela, arlo horiek landu nahi dituzte. Harrera oso ona izan da. Jendea etortzen da eta eskertzen du gainera Sakanan, Irurtzunen, hasi berri den proiektu hau”.

SGAn Dinabideren kudeaketa eta araudia zehazten ari dira orain. Irailerako berriak izatea espero dute. Landuko diren proiektuen inguruan informazioa eskatuko dute ziurrenik. Baina Dinabide mustu baino lehen aholku gehiago jaso nahi duenak onena SGArekin harremanetan jartzea du: 647 864 239 telefonora hots eginez edo info@sakanagaratzen.com e-postara idatziz.