Nafarroako Gobernuaren bete-beharra da bakarrik dauden atzerriko adingabeei arreta eta laguntza integrala ematea. Gaztetxo horien etorrera nahikoa aurreikusi gabea izan da, eta udaberrian ugari iritsi dira Nafarroara. Foru administrazioa korrika eta presaka ibili da gaztetxo horiei behin-behineko egoitzetan tokia bilatzen. Horregatik, egon ziren joan den hilean Altsasuko Otadiako Kristo Deuna aterpean. Nafarroako Gobernuak dagoeneko herrialdean barna baliabide-sare bat eratu du. Lehen harrerako lau egoitzetako bat Iturmendin dago, Andre Mariaren Mirabeen kongregazioaren Estafeta kaleko 27. zenbakian duen egoitzan.
Hori dela eta, gobernuko, Sakanako Mankomunitateko, Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako eta Iturmendiko Udaleko ordezkariek bilera egin zuten astelehenean. Nafarroako Gobernuko Haurren eta Familiaren Zuzendariorde Mikel Gurmindo Marinek azaldu digunez, “Iturmendin zurrumurruak saihestu, beldurrak, errealitate faltsuak eta mitoak kentzeko lehen eskuko azalpena emanen diegu iturmendiarrei gaur, 18:00etan, udaletxean. Jendeak izan dezakeen irudi faltsua argitzeko eta integrazio ona izateko”.
Hiru fase
Marinek azaldu digunez, egoitzan 25 adingabe daude. Eta beste 8 Altsasuko tutoretzapeko bi etxebizitzatan. Gehienak adingabe marokoarrak dira. Gurmindok azaldu digunez, arreta eta laguntza integraleko programak hiru fase ditu. Aurreneko harrera, Iturmendin egiten dena. “Adingabe bakoitzaren diagnosi psikosozial sakona egiten zaie. Aldi berean, prestatu egiten dituzte”. Besteak beste gaztelania irakasten diete. “Adingabearen arabera aurreneko fase horretan 45, 60 edo 90 egun egoten dira. Haiekin beti bospasei hezitzaile eta psikologo egoten dira”.
Hurrengo fasea integrazioarena da. Marinek azaldu digunez, “6 hilabete eta 2 urte artekoa da. Bakarrik dauden adingabe atzerritarrak Iturmendiko egoitzatik Sakanako tutoretzapeko etxebizitzetara aterako dira”. Adingabeen ondoan hezkuntza lan talde bat egonen da adingabeekin egunero harremana izanen duena eta haiei hezkuntza, prestakuntza, enplegu edo edozein arloetan akonpainamendua eginen diena.
Arreta sistemaren atzeneko fasea autonomiarena da. “21 urtera arte izaten da. Haiek erabaki behar dute bizilekua non kokatu, integratu diren inguruan edo beste nonbait”, azaldu digu Marinek. Aisialdian, kirol taldeetan eta halakoetan integratzeko akonpainamendua dute eta bermatutako errentaren bidez etxebizitza, arropa, jatekoa eta esku-dirua bermatuta dute.
Prestakuntza
Bakarrik dauden adingabe atzerritarrek enplegurako prestakuntza jasoko dute garilean eta agorrilean. Ilundain fundazioak kale eta bide garbiketetarako gutxieneko gaitasunak irakatsiko dizkie. Marinek azaldu digunez, “auzolan modukoa izanen da. Adingabeen integrazioan laguntzen duten herrietan gaztetxoek kale edo sasi garbiketa lanak eginen dituzte, herriei onura emanez. Horretarako, udalek fundazioarekin koordinatu eta zein behar dituzten jakinarazi beharko diote”. Helburu horrekin Marin ibarreko hainbat udalekin bildu zen asteartean.
Udaren ondoren adingabeek enplegurako prestakuntza programetara joanen dira. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak oinarrizko ezagutzak emateko gaitasun profesionaletan trebatuko ditu adingabeak. “Helburua da eskualdeko lantegietan lan egiteko gaitzea”.