LABek “sindikalisten kontrako polizia eta epaitegi errepresioa” salatu ditu

Guaixe 2019ko uzt. 8a, 12:32
LABeko ordezkariak salaketa egiten.

Sindikatuko ibarreko delegatuek “borroka sindikala” aldarrikatu dute.

Aldarrikapen hori Irurtzungo Inasa zeneko atean egin dute, “aski ezaguna baita Inasako langileek pairatu zituzten kolpe, irain eta isunak euren lanpostuak defendatzeagatik”. Sakanako LABeko delegatuek nabarmendu zutenez, “hura ez zen gertakari isolatu bat izan, oraingoan Iruñeko La Sangiovesa eta Azkoiengo Huerta de Peraltan izandako langileen eskubideen aldeko borrokek errepresioan jauzi bat eman dute. Ondorioz, 20.000 euroko isunak eta espetxe zigorrak jaso ditugu. Izan ere, LABeko kide batek 21 hilabeteko kartzela zigorra jaso du eta ondorioz espetxean buka dezake.

Sakanako LABeko delegatuek azaldu dutenez, “zigor horiek ez dute inolako zentzurik, bai La Sangiovesan eta Huertas de Peraltan, lan gatazkak akordioarekin bukatu ziren eta konpondu egin ziren”. LABeko kideen iritziz, “badirudi, zigor horien helburua borroka sindikala kriminalizatzea izan dela”. Gaineratu zutenez, “egun bizi dugun prekarietate egoeraren aurrean antolatzea eta borrokatzea da bide bakarra, langileen arteko elkartasuna bulkatuz eta beste eredu baten alde eginez”.