Gazteendako Ur Festa

Guaixe 2019ko uzt. 10a, 14:39

Gaur, 21:00etatik 23:00etara, Lakuntzako igerilekuan.

Gazte lakuntzarren eta arbizuarren topaleku bihurtuko da Lakuntzako igerilekua gaur gauean. Bertan ospatuko da ibarreko bigarren Ur Festa Goxoa. Gozamenez programaren baitan antolatutako ekimen horrek “gazteen sexualitatea ikuspegi positibo, adeitsu, plural eta aberasgarri batetik landu nahi du”. Gazteen eta haien inguruan dauden helduen artean ere sexualitatearen hainbat arlori buruz hausnarketarako pizgarria izan nahi du programak ere.  



Lakuntzako igerilekura joaten diren 12 urtetatik gorako gazteek, lehenik eta behin, ongi etorri goxoa izanen dute. Igerilekuan gauez bainua hartzeko eta han jokatzen aritzeko aukera ere eskainiko die ospakizunak. Gainera, hiru eurotan ogitartekoa eta alkoholik gabeko edaria eskuratzeko aukera izanen dute. Guztia borobiltzeko txokolatezko iturria eta musika izanen dira. Guztia antolatzeaz Sakanako Gozamenez batzordea eta bi herrietako udalak arduratu dira.