Sanferminetan Nafarroako Txapelketak izango dira jokoan

Guaixe 2019ko uzt. 5a, 12:39

Mikel Lasartek San Fermin Motozerra Txapelketan parte hartuko du, Andra Mari eta Iñigo Aritzako hiru bikote Nafarroako Kadeteen Trontza Txapelketan ariko dira, Andra Marik proba konbinatuen erakustaldia egingo du eta Jon Irañeta Nafarroako Harrijasotze Txapelketan lehiatuko da

Sanferminetan berezko protagonismoa izaten dute herri kirolek. Eguerdiro bere tokia dute Foru plazan. Iruñeko Udalak Nafarroako Herri Kirol Federazioaren laguntzarekin antolatuta, uztailaren 8tik, astelehenetik, uztailaren 14ra bitartean, San Fermin Herri Kirol Jaialdiak jokatuko dira Foruen Plazan, 12:00etatik aurrera. Makina bat txapelketa jokatuko dira, eta horietako zenbaitetan herri kirolari sakandarrak ariko dira.

Mikel Lasarte XXI. San Fermin Motozerra Txapelketan
Asteartean, uztailaren 9ko jaialdiaren barruan XXI. San Fermin Motozerra Txapelketa jokatuko da. Bertan lehiatuko da Sakanako Harrijasotze Eskolako zuzendari Mikel Lasarte, Arostegiko Peio Kañamaresen eta Azkoiengo Juan Asinen kontra. 30 minutuko bi txanda izango dituzte, eta txanda bakoitzean irudi bat egin beharko dute. Epai mahaiaren iritziz irudi onena egiten duena izango da irabazlea.

Andra Mari eta Iñigo Aritzakoak Trontza Txapelketan eta proba konbinatuan
Uztailaren 10ean, asteazkenean, jokatuko diren txapelketen artean Nafarroako Kadete Mailako Trontza Txapelketa jokatuko da. Sei bikote lehiatuko dira, horietatik hiru sakandarrak: Iñigo Aritza ikastolako Inar Olabide eta Adur Irigoien, eta Andra Mari ikastolako Pello Altzelai-Oinatz Carreño eta Urtzi Galartza-Adur Lizarraga. Haiekin batera Iraitz Iturralde eta Jon Irigoien (Basaburua-Baztan), Manex Saralegi eta Oier Goñi (Araxes) eta Leire Olano eta Eneko Rekalde (Araxes) ariko dira. Etzanda jarritako metroko enborrari 10 epai edo mozte egin behar dizkiote eta bikote irabazlea izango da Nafarroako kadeteen mailako txapelduna.
Ondoren, kimuen mailako herri kirol proba konbinatuaren erakustaldia egingo dute Andra Mari ikastolak, Berriozarrek, Araxesek eta Igantzik.

Jon Irañeta Nafarroako Harrijasotze Txapelketan
Uztailaren 13an, larunbatarekin, Nafarroako Harrijasotze Txapelketa jokatuko da eguerditik aurrera. Lau harrijasotzailek hartuko dute parte, tartean Mikel Lasarteren aginduetara Sakanako Harrijasotze Eskolan trebatzen den Jon Irañeta irurtzundarra. Josetxo Urrutia leitzarra, Albaro Zugarrondo iruindarra eta Xabier Ariztegi ʺSantxin” etxalartarra izango ditu kontrario. Hiru harrirekin –125 kiloko zilindroa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola– bi minutuko txandak egin beharko dituzte, eta jasoaldi gehien egiten dituena Nafarroako txapelduna izango da.
Egun horretan, motozerra erakustaldia egingo du Mikel Lasartek; motozerrarekin egurrezko irudi ederrak egingo ditu.