Sanferminetako Binakako Torneoa irabazi nahi dute denek

Guaixe 2019ko uzt. 5a, 12:46

Ezkurdiak Zabaletarekin osatuko du bikoa eta Martijak Irribarriarekin

Larunbatean festak eztanda egingo du Iruñean eta horrekin batera udako torneo prestigiotsuenetakoa abiatuko da: Sanferminetako Binakako Torneoa. Igandean, San Fermin egunean hasiko den torneoan guztira 6 bikotek hartuko dute parte, 3 enpresa bakoitzeko. A multzoko bikoteak Olaizola II.a-Albisu, Bengoetxea VI.a-Imaz eta Irribarria-Martija dira eta B multzoko bikoteak Altuna III.a-Ladis Galarza, Ezkurdia-Zabaleta eta Urrutikoetxea-Mariezkurrena II.a. Sanferminetako pilota torneoak izugarri erakartzen du eta Labrit egunero egongo da beteta, goraino. Sarrera bakan batzuk geratzen omen dira saltzeko.

Joseba Ezkurdiak eta Beñat Rezustak irabazi zuten iaz Sanferminetako Binakakoa. Rezusta ez da aurten ariko, hori da aurtengo sorpresetako bat, eta arbizuarrak aurten Jose Zabaletarekin osatuko du bikoa. “Berarekin irabazi nuen lehen txapela, lagun handia dut eta oso pozik nago berarekin bikotea osatuko dudalako. Ea txapelketa ona egiten dugun” azaldu zuen Ezkurdiak aurreko astean. Lau t'erdiko finalerako sailkatu ez izanaren arantza atera nahiko du Joseba Ezkurdiak Binakakoan, eta aurreko urteko torneoko saria berritu, kasu honetan Zabaletarekin. Etxarrengoak iaz Irribarriarekin osatu zuen bikoa, finalerako sailkatu ziren eta galdu egin zuten Ezkurdiaren eta Rezustaren kontra. “Iaz Irribarriarekin ibaiertzean geratu ginen eta ea aurten, Joseba lagun handiarekin, irabaztea lortzen dugun” esan zuen arakildarrak aurkezpenean.

Gureak faboritoen artean
Ezkurdia eta Zabaletaren bikoa da indartsuenetako bat, baina besteak ez dira gutxiago. Iazko txapeldunorde Irribarriarekin osatuko du bikoa Julen Martijak. Etxeberrikoari ere ilusio handia egingo lioke sanferminetan gailentzeak, Labriteko giroa paregabean. Irribarriak aurkezpenean esan zuen Iruñekoa “torneo politena” dela, eta jokoan dagoen trofeoa etxera eraman nahiko luke Aramakoak. Aipatu bi bikoez gain, katedrak Olaizola II.aren eta Albisuren bikoa kokatzen du ere faboritoen artean.

A multzoan, Irribarria eta Martija igandean sartuko dira lehian. Bengoetxea VI.a eta Imaz izango dituzte aurkari. Galtzaileek Olaizola II.aren eta Albisuren kontra jokatuko dute asteartean, eta irabazleek aurkari berberak izango dituzte ostegunean. Ligaxkako irabazlea uztailaren 14an jokatuko den final handirako saiatuko da.

B multzoan, Ezkurdiak eta Zabaletak astelehenean, uztailaren 8an ekingo diote Binakakoari, Urrutikoetxearen eta Mariezkurrena II.aren kontra (22:15) jokatuz. Galtzaileek Altuna III.a eta Ladis Galarza izango dituzte aurkari asteazkenean, eta irabazleek aurkari berberaren kontra jokatuko dute ostiralean. Ligaxkako onena finalerako sailkatuko da.

Marco Real upategien erronka
Uztailaren 13an, larunbatarekin, Marco Real upategien erronka jokatuko da. Lau t'erdian Laso P. Etxeberriaren kontra lehiatuko da, binaka Jakak eta Rezustak Baikok oraindik ez duen bikoa izango du aurkari eta buruz buruan Zabala da Aspeko ordezkaria eta Baikok oraindik ez du berea aukeratu.