Ordu aurrerapena, omenaldiak eta errekorrak Triku Trailen

Guaixe 2019ko uzt. 5a, 10:48

Beroarengatik ordu bateko aurrerapenarekin hasi zen 21 km-ko mendi lasterketa Iñaki Olanok eta Oihana Kortazarrek irabazi zuten. Kortazarrek 5 minutu pasan apurtu zuen Azkorbebeitiaren errekorra eta proba hasi baino lehen aurreko astean lan istripuan hildako Raul Andres Cuesta korrikalaria omendu zuen antolakuntzak

Sakandarrak Triku Trailen (21 km)
Gizonak
1.Iñaki Olano (Altzo)    1:47:37
19.Joxeja Maiza (Etx)    1:59:16
21.Ander Unzurrunzaga Iurrebaso (Etx) 2:01:23
42.Fran Araña (Arb)    2:14:50
49.Ander Unzurrunzaga Ganboa (Etx) 2:16:35
54.Joseba Iza (Arb)    2:18:41
69.Unai Razkin (Irurt) 2:22:39
79.Ibai Arrese (Etx)    2:24:42
107.Xabier Urrestarazu (Etx) 2:32:15
109.Iñaki Lacalle (Olaz) 2:32:37
121.Alberto Mtnez. De Lagran (Etx) 2:37:34
127.Jon Otxoa (Etx)    2:40:01
132.Raul Andres Cuesta (Etx) 2:42:28
139.Araitz Jaka (Etx)    2:43:51
150.Fermin Zornoza (Olaz) 2:46:12
151.Aitor Salinas (Etx)    2:47:15
154.Jon Garasa (Olaz)    2:47:48
166.Iñaki Agirre (Etx)    2:53:29

Emakumeak
15.Oihana Kortazar (Elgeta) 1:57:04
70.Haizea R. De Alda (Alts) 2:22:45
125.Maria Goikoetxea (Etx) 2:38:58
145.Erkuden S. Martin (Etx) 2:44:48
152.Joana Senar (Etx)    2:47:17


Triku Trail mendi lasterketa ordu bat aurreratu izanarekin antolakuntzak guztiz asmatu zuela, hori aipatu zuten Etxarriko mendi lasterketan parte hartu zuten korrikalariek. Izan ere, eguraldi iragarpenak bero handia iragartzen zuen eta 09:30ean atera beharrean, 08:30ean abiatu ziren proban aritu ziren 244 korrikalariak eta likido-hornidura gehiago izan zituzten. Horrela, ez zutela gehiegizko berorik pasatu nabarmendu zuten parte-hartzaileek.

Aurretik, 21 km eta 1.400 metroko desnibel positiboa zuen ibilbide zoragarria zuten aurretik korrikalariek. Etxarriko kanpinetik abiatuta, Maitzegurrera jo zuten lasterkariek; Auntzetxetik aurrera egin; Axioren putzuraino iritsi; eta Lizarrustira heldu. Ondoren, Txaradigorri trikuharrira igo ziren, probako eremurik gogorrena, akaso; Hirumugeta gaina zapatu zuten; Otxentara jaitsi; eta Fagamendi igo. Eta Haritz zaharren ibilbidetik Etxarriko kanpineko helmugara iritsi ziren. Proba Nafarroako Mendi Lasterketen Txapelketarako eta Euskal Mendi Federazioko Rankingerako puntuagarria zen.

Olanok ʺizugarri” disfrutatu zuen
Etxarriko kanpineko helmugara iritsi zen lehena Iñaki Olano izan zen. 30 urteko Altzoko korrikalariak nabarmendu zuen ʺizugarri” disfrutatu zuela. ʺSekulako lasterketa da, bai ibilbidearen aldetik eta baita antolakuntzaren aldetik ere. Ordua aurreratzea primerako ideia izan da, ez baitut beroarengatik sufritu” azaldu zuen. Lasterketari begira, Olanok aipatu zuen boskote bat batera aritu zela Lizarrustiraino, eta handik aurrera, maldan gora, abiadura azkartu zuela eta tartea atera ziela gainontzekoei. Horrela, bakar bakarrik iritsi zen helmugara (1:47:37). 2 minutu pasako aldea atera zion Xabat Manzisidor azpeitiarrari (1:49:42) eta hiru pasatxokoa aurreko astean Tritoienan bigarrena izan zen Xabi Vegas aguraindarrari (1:50:46).

Kortazarrek 5 minututan hobetu zuen errekorra
Emakumezkoetan Oihana Kortazar ikusgarri aritu zen eta aurreko urtean Oihana Azkorbebeitiak ezarritako errekorra bost minututan apurtu zuen (1:57:04). Oso pozik zegoen Elgetako korrikalaria. ʺPresiorik ez dagoenean apurtzen dira errekorrak” nabarmendu zuen. Hemendik bi astera Munduko Kopako proba batean arituko da, eta Triku Traila ʺluxuzko entrenamendua” izan zela gaineratu zuen.

Maiza eta Ramirez de Alda, lehen sakandarrak
Sakandarrei dagokienez, Joxeja Maiza etxarriarra 19.a izan zen sailkapen absolutuan, lasterketako lehen sakandarra eta lehen herritarra (1:59:16). Ander Unzurrunzaga Iurrebaso etxarriarra bigarren sakandarra eta probako lehen beteranoa izan zen, helmugan 21.a sartu eta gero (2:01:23). Emakumezkoetan, Haizea Ramirez de Alda altsasuarra izan zen lehen sakandarra, helmugan 70.a eta emakumezkoetan 5.a (2:22:45). Maria Goikoetxea lehen etxarriarra izan zen, helmugan 125.a eta emakumezkoetan 10.a (2:38:58).

Proba nagusia abiatu eta ordu laurdenera, txikienek Triku Txiki proba ez lehiakorrean hartu zuten parte, kanping inguruetatik. 80 neska-mutiko inguru aritu ziren.

Proba bukaeran korrikalari guztiek auzatea eta opari poltsa zituzten zain. Sari ematean 1.200 euro banatu zituen antolakuntzak, garaikur, txapela eta opariekin batera.

Omenaldi hunkigarria
Lasterketa hasi baino lehen, omenaldi xume baina hunkigarria egin zitzaion aste honetan lan istripuan zendutako Raul Andres Cuestari. 35 urteko korrikalaria gasteiztarra zen, baina Etxarri Aranatzera zegoen ezkonduta. Triku Trailen aritzekoa zen, eta bere aldeko aurreskua dantzatu eta gero, lore sorta eta txalo zaparrada beroa jaso zituen haren alargunak. Haren dortsala lagunek eman zuten. Eta aipatzekoa da ere lehenengo dortsala Asier de la Iglesiak eman zuela, esklerosi anitza duen korrikalariak.