Egun batzuetan XVII. mendeko sorginak bihurtu zirenekoa

'Akelarre' filmaren Urbasako filmazioaren une bat. UTZITAKOA

Urbasan geldialdia egin zuen 'Akelarre' filmak, eta Altsasuko lagunek parte hartu zuten filmazioan

Akelarre filma grabatu dute zazpi astetan Euskal Herriko hainbat herritan eta txokotan, eta Urbasan ere izan dira. Gainera, Sara Mazkiaran filmean zuzendari laguntzailea da eta Altsasuko zenbait pertsonak figuranteak eta protagonisten ordezkoak izan dira. Esperientzia "ikaragarria" bizi izan dute filmazioan.

XVII. mendeko sorginen aurkako ehizan oinarritzen da Akelarre filma. Pablo Aguero argentinarra da zuzendaria eta 1609. urteko Pierre de Lancre inkisidorearen Tratado de Malos Angeles y Demonios liburuan inspiratu da pelikula egiteko. Baina emakumeari buruz ikuspuntu politiko aldarrikatzaile eta gaur egungotik hitz egiten du. Hortaz, sei neskatoen istorioa kontatzen du. Gizonak itsasora joan dira eta neskatoak bakarrik gelditu dira. Sorginak direla salatzen dute, eta inkisidoreak edozer gauza egingo du Akelarreari buruz dakiten guztia ezagutzeko.

Irantzu Gonzalez dantzariak dei bat jaso zuen Altsasun duen dantza eskolan. Casting agentzia batek neskak behar zituen Akelarre filmaren protagonisten ordezkoak izateko. Hortaz, ile beltza eta luzea zuten hiru neska eta bi ilehori behar zituzten. Igone Augusto, Irantzu Gonzalez eta Nerea Llamas dantzariek eman zuten izena, neurriak bidali zituzten, baita argazkiak ere. Aukeratu zituzten: "protagonisten ordezkoak izan behar ginen, beraz, beraien ezaugarriak izan behar zituzten". Ondoren, soldaduen papera egiteko gizonak behar zituztela esan zioten Gonzalezi, eta, besteak beste, Aitor Arroyo animatu zen.

Urbasan grabatu zuten protagonisten ordezkoek. Gainera, Gonzalez Beran ere egon zen. "Haiek interpretatzen zuten bitartean, guk korrika egiten genuen, saltatzen genuen...". Orokorrean, protagonistak minik ez hartzeko eta ez nekatzeko eszenak grabatu zituzten. Hala ere, protagonistak bezala sentiarazi zituzten: "jantziak janzten zizkiguten eta ezin genuen ezer ukitu, makillajearekin bezala...". Izan ere, Akelarre ekoizpen handia izan da. "Ikaragarria izan zen". Esperientzia abesgarria izan dela diote.

Aitor Arroyo inkisizioaren soldaduaren papera egin du, eta figurantea izan arren, filmean "nahiko pisua" izango duela uste du. Oso gustura aritu da. "Lehen planoak ere egin zidaten". Gainera, soldadu jantzi propioa zuen, izan ere, filmazioaren sei egunetan parte hartu zuen altsasuarrak: "jantzia egiazkoa zirudien. Oso ongi egina zegoela". Eszena batean Gonzalezek eta Arroyok planoa konpartitzen dute: "eramaten nauen soldadua da Aitor". Hain gustura egon zen, beste filmazio bat suertatzen bada eta libre badago, parte hartuko duela esan du.

Akelarre filmean parte hartu dutenek diote errodajean parte hartzea esperientzia polita izan dela, baina "gogorra" ere izan dela. "Ordu asko dira, hamabi ordu inguru egoten ginen. Baina gero hiru orduz baino ez duzu grabatzen".