Herrien Arteko finala Gorritiren Donezteberendako

Guaixe 2019ko uzt. 8a, 12:34

Tentsio handiko finalean, Doneztebeko Errekak lortu zuen Herrien Arteko Pilota Txapelketako finala irabaztea, Iruñeko Oberenari 5 tantoren aldea aterata. Seniorretan, Jon Gorriti uhartearrak eta Salaberriak (Doneztebe), 21 eta 22 galdu zuten Mataren eta Iruritaren kontra, eta jubeniletan Loiarteri eta Agirreri (Doneztebe) 10 eta 22 irabazi zieten Oskozek eta Ganboa arbizuarrak (Oberena)

Animoak bero bero zeuden ostiralean Labriten jokatutako Herrien Arteko Pilota Txapelketako finalean. Doneztebeko Erreka klubak eta Iruñeko Oberanak jokatu zituzten finalak, eta tentsio handiko partidetan, azkenean titulua Donezteberendako izan zen, 5 tanto eskasen aldearekin. Txapelketan bi pilotari sakandar aritu ziren: Ganboa jubenil arbizuarra, Oberenarekin, eta Jon Gorriti pilotari uhartearra, Donezteberekin, maila nagusian.

Labrit pilotalekua bete egin zen Herrien Arteko finalerako. Tentsio handiko finala izan zen, lau kategoriako finaletan: kimuak, haurrak, jubenilak eta seniorrak. Finala Donezteberen alde jarri zen, kimuetan 18 eta 9 eta haurren mailan 18 eta 9 gailendu baitziren Erreka klubeko pilotariak. Baina jubeniletan Oberenako Oskoz eta Ganboa arbizuarra faboritoak zirela jakina zen, eta ez zen sorpresarik egon: 22 eta 10 irabazi zuten Oberenakoak, eta Iruña distantziak txikitzen hasi zen. Beraz, seniorren partidak erabakiko zuen dena. Kalkuluak egiten hasita, Errekako Salaberriak eta Gorritik nahiko zuten 17 tanto egitea txapelketa Doneztebek irabazteko. Iruñeak irabazteko, aldiz, Oberenako Matak eta Iruritak 15 eta 22 irabazi beharra zuten.  

Tentsio izugarriko partidan, seniorretan Oberenaren alde jarri zen partida, 6 eta 14 aurreratu baitziren Mata eta Irurita, baina Gorritik lortutako tanto bati esker sakea berreskuratu zuten Errekakoek, eta markagailuan 10 eta 14 gerturatzea lortu zuten. 15 eta 20 aurreratu ziren Mata eta Irurita, baina Salaberriak 16. tantoa egitea lortu zuten, horrek airea eman zien Doneztebekoei, finala irabazita zutela baitzekiten, eta, azkenean, nahiz eta seniorren partidan 21 eta 22 galdu, Herrien Arteko Txapelketako txapela lortu zuen Doneztebeko Errekak.

Nafarroako Herrien Arteko Txapelketako finalak
Doneztebe (Erreka) / Oberena (Iruñea)
Kimuak: Salaberria-Salaberria (Doneztebe) 18 / Rekalde-Crespo (Oberena) 9
Haurrak: Mikelarena-Garaño (Doneztebe) 18 / Sarasibar-Sanchez (Oberena) 9
Jubenilak: Agirre-Loiarte (Doneztebe) 10 / Oskoz-Ganboa (Oberena) 22
Seniorrak: Salaberria-Gorriti (Doneztebe) 21 / Mata-Irurita (Oberena) 22