Sanferminetako Torneoa: Irribarriak eta Martijak ez dute lehen puntua lortu

Guaixe 2019ko uzt. 8a, 12:10

Bengoetxearen eta Imazen kontra 18 eta 22 galdu zuten atzo. Gaur Ezkurdia eta Zabaleta sartuko dira lehian: Urrutikoetxea eta Mariezkurrena II.a izango dituzte aurkari (22:15, Labrit)

Atzo hasi zen Sanferminetako Binakako Torneoa. A multzoan, Iker Irribarriak eta Julen Martijak Oinatz Bengoetxea eta Ander Imaz izan zituzten aurkari guztiz beteta zegoen Labrit pilotalekuan. Partida bikainean oso ongi ibili ziren lau pilotariak, baina akaso Oinatz Bengoetxea izan zen gainontzekoen artean gailendu zena. Akats gutxiko partida izan zen, oso lehiatua eta bi bikoak parez pare aritu ziren. Bi atzelariak primeran aritu ziren, baina 9 eta 10etik 9 eta 16ra joan ziren Bengoetxea eta Imaz, eta gero 15 eta 20ra. Hala ere, Irribarriak eta Martijak ez zuten partida galdutzat eman eta 18 eta 20 gerturatu ziren. Baina azken bi tantoak Bengoetxearen eta Imazen alde erori ziren eta Baikokoek lehen puntua lortu zuten.
Irribarriak eta Martijak Olaizola II.aren eta Albisuren kontra jokatuko dute bihar, asteartean.

Ezkurdia eta Zabaleta gaur lanera
Gaur Sanferminetako Binakako Torneoko B multzoko partida jokatuko da. Joseba Ezkurdiak eta Jose Zabaletak Mikel Urrutikoetxea eta Mariezkurrena II.a izango dituzte arerio gaueko 22:15ean Labriten hasiko den jaialdian. Ea biko sakandarrak ongi ekiten dion torneoari.