Taldekako erlojupekoarekin segundoak galdu dituzte gure txirrindulariek

Guaixe 2019ko uzt. 8a, 11:50

Hala ere, egindako lanarekin kontentu daude Izagirreren Astana eta Erbitiren Movistar Team

Larunbatean hasi zen 100. Frantziako Tourra. Atzo taldekako erlojupekoa jokatu zen eta sailkapen orokorrean lehen tarteak zabaldu zituzten txirrindulariek. Team Jumbo-Visma taldea izan zen azkarrena (28:57), Ineos taldeari 20 segundo aterata. Gorka Izagirreren Astana 10.a sailkatu zen, 41 segundora, eta Imanol Erbitiren Movistar Team 17.a sartu zen, 1:05era.

Faboritoen artean tartea zabaldu du taldekako erlojupekoak baina Astana eta Movistar Team kontentu daude egindako kronoarekin eta alde horiek aurreikusten zituzten margenen artean daudela azaldu zuten. ʺHau ez da gure eremurik hoberena eta hori kontuan hartuz, eguna nota onarekin gainditu dugu” zioen Movistar Team taldeko Eusebio Unzue zuzendariak.

Sailkapen orokorrean Jumbo taldeko Mike Teunissen da liderra (4:51:34), bere taldekide Wout van Aert 10 segundora duela. Geraint Thomas (Ineos) 30 segundora dago, Nibali (Bahrain) 46 segundora, Fuglsang 51 segundora, Gorka Izagirre minutu batera, Mikel Landa 1:15era eta Imanol Erbiti 2:29ra.

Gaur Blinche eta Épernay arteko etapa jokatuko da, 215 kilometrokoa.