Ezkurdiak eta Zabaletak Sanferminetako lehen puntua lortu dute

Guaixe 2019ko uzt. 9a, 10:07
Sanferminetako txapelketari ongi ekin dio bikoak. Argazkia: Artxiboa.

Atzo Urrutikoetxearen eta Mariezkurrenaren kontra jokatutako partidan 7 eta 22 irabazi zuten sakandarrek. Gaur Irribarriak eta Martijak Olaizola II.a eta Albisu izango dituzte aurkari (22:15, Labrit)

Atzo Sanferminetako Binakako Torneoko B multzoko lehen jardunaldia jokatu zen. Ezkurdia eta Zabaleta sartu ziren lehian, Urrutikoetxearen eta Mariezkurrena II.aren kontra. Ohi denez, Labrit pilotalekua leporaino beteta zegoen eta giro oso berezia izan zen; zale askok sakandarren alde egin zuten, eta beste askok Berriozarko Mariezkurrena II.aren alde. Hortaz, primerako sanfermin giroa zegoen Bomboneran.

Bikote oso sendoa osatu zuten sakandarrek: Zabaleta bikain atzeko koadroetan agintzen, eta Ezkurdia primeran, pilotari abiadura emanez eta arerioei min handia eginez, Mariezkurrenari bereziki. Aspekoek Baiko pilota enpresako bikoari ez zioten aukerarik txikiena eman ere eta, azkenean, 7 eta 22 gailendu ziren Joseba Ezkurdia eta Jose Zabaleta, sanferminetako lehen puntua lortuaz.

Galtzaileek, Urrutikoetxeak eta Mariezkurrena II.ak, Altuna III.a eta Ladis Galarza izango dituzte aurkari bihar, asteazkenean. Eta irabazleek, Ezkurdiak eta Zabaletak, aurkari berberen kontra jokatuko dute ostiralean.

Gaur Irribarriak eta Martijak Olaizola II.a eta Albisu izango dituzte aurkari
Sanferminetako Binakako Torneoko A multzoko 2. jardunaldia hartuko du gaur Labritek (22:15). Igandean Bengoetxearen eta Imazen kontra 18 eta 22 galdu zuten Irribarriak eta Martijak, gaur Olaizola II.aren eta Albisuren kontra jokatuko dute. Finalerako sailkatzeko aukeraren bat izateko irabazi beharrean daude Aramakoa eta Etxeberrikoa, baina Olaizolak eta Albisuk ere puntua lortzeko asmoa dutenez, partida oso lehiatua espero da gaur Labriten.

Jaialdia zabaltzeko partidan, Joanes Bakaikoa etxarriarrak Urretabizkaia II.arekin osatuko du bikoa, Mendizabal III.aren eta Untoriaren kontra jokatzeko.