Sakanako bertsolariak sanferminetan

Guaixe 2019ko uzt. 9a, 11:02
Ezkerretik eskuinera, Eneko Lazkoz eta Idoia Granizo bertsolariak. ARTXIBOA

Bihar, uztailaren 10, asteazkena, Eneko Lazkoz eta Idoia Granizo bertsolariek Iruñeko San Fermin festetan bi bertso saioetan parte hartuko dute

Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean eginen den Bertso bermutean ariko da Eneko Lazkoz etxarriarra bihar, asteazkena, 13:00etan. Joanes Illarregirekin eginen du bertso saioa bertsolariak. Lazkoz Nafarroako bertsolari txapeldunordea da, eta Illarregi laugarren sailkatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finalean. IKA-Arturo Campion Euskaltegiak eta Zaldiko Maldiko elkarteak antolatu dute bertso bermuta saioa.

Idoia Granizo Nafarroa Oinezek sanferminetan urtero prestatzen duen Takonerako Oinez Txokoan ariko da bihar, asteazkena, 21:00etan. Bertsolari altsasuarrak Irati Majuelo, Julen Zelaieta eta Sarai Robles bertsolariekin eginen du bertso saioa. Nafarroa Oinezek antolatu du bertso saioa.

Bi sakandarrak bihar ariko dira Iruñean, baina sanferminetan hamaika bertso saio antolatu dituzte, Nafarroako Bertsozale elkarteak jakinarazi duenez. Esaterako, gaur, uztailak 9, balkoitik balkoira saioa eginen dute Onintza Enbeitia, Jon Maia eta Julio Soto bertsolariek La Unica peñan, Jarautan. 13:30ean izanen da. Bihar, 14:00etan, bertso bazkaria izanen da Geltokin, Maialen Lujanbio eta Julio Soto bertsolariekin. 

Bestetik, uztailaren 13an Iruñeko udalak antolatutako Ez da kasualitatea bertso saio musikatua izanen da Sarasate pasealekuan, 19:00etan, Saioa Alkaiza, Sarai Robles, Uxue Alberdi eta Miren Amuriza bertsolariekin.