Nahia Imazek bi domina ekarri ditu Valentziatik

Guaixe 2019ko uzt. 9a, 13:12

Asteburuan Eskola Adineko Espainiako Txirrindularitza Txapelketak jokatu ziren Valentzian eta emakumeen kadeteen selekzioko Nahia Imazek taldekako erlojupekokoko saria eta lasterketako taldekako brontzezko saria lortu zituen

Eskola Adineko Espainiako Txirrindularitza Txapelketak jokatu ziren asteburuan Valentzian. Nafarroako selekzioarekin makina bat txirrindulari sakandar aritu ziren, Burunda klubeko Quesos Albeniz eta Aralar klubeko Sakana Group taldekoak, eta emaitza bikainak lortu zituzten.

Haurren mailan, emakumezkoetan, Nafarroako selekzioko Bakarne Arregi 57.a sailkatu zen lasterketan eta ginkanan 45.a. Kadeteen gizonezkoen lasterketan, Eneko Zelaia 12.a iritsi zen helmugara, Mikel Regil 22.a eta Aritz Oiarbide 58.a. Ginkanan, Mikel Regil 6.a sailkatu zen, Eneko Zelaia 14.a eta Aritz Oiarbide 28.a, eta aipatzekoa da taldeka Nafarroako gizonezkoen selekzioak ginkanako proban zilarrezko domina lortu zuela.  

Kadeteetan, emakumezkoetan, Nafarroako txirrindulariak ihesaldi guztietan sartu ziren, baina azkenean esprintean erabaki zen lasterketa eta Nahia Imaz 10.a sailkatu zen. Taldekako sailkapenean Nafarroa hirugarrena sailkatu zen eta brontzezko domina jaso zuen. Eta gizonezkoen kadeteetan Hugo Aznar eguneko ihesaldian sartu zen baina, azkenean, tropelak irentsi zituen. Hala ere, Hugo Aznar 5.a sailkatu zen, Mikel Uncilla 33.a eta Martxel Etxeberria 36.a.

Kadeteen erlojupekoari dagokionez, emakumezkoen taldekako erlojupekoan Nafarroako selekzioak garaipena lortu zuen –Nahia Imaz, Naroa Fernandez, Laia Puigdefabregas eta Saioa Organbide– eta gizonezkoen taldekako erlojupekoan Nafarroako selekzioa 6.a izan zen –Mikel Uncilla, Xabi Zabala, Martxel Etxeberrria eta Hugo Aznar–.