Itsasoan erreskate lanak kriminalizatzen saiatuagatik, migratzen dutenekiko elkartasuna geldiezina da. Carola Rackete, SeaWatch 3 itsasontziko kapitaina, izan da atxilotzen azkena; jada aske bada ere.
Aurretik Aita Mari, itsasontzi euskalduna, bere egitekoa aurrera eramateko debekuekin, Open Arms estatuko itsasontzia…Bizitza salbatzeko agindua bete besterik ez dute egiten Mediterraneoan diharduten salbamenduko itsasontziek eta haien tripulazioek.
Ulertuko al luke norbaitek, auto istripu baten aurrean anbulantziak bertaratzea debekatzerik?
Bizitza babestea dute helburu erreskaterako itsasontziek. Mediterraneoan 18.000 gizaki hil da azken 5 urteetan. 2019. urte honetan 600 dira hildako pertsonak. Eta datu horiek ofizialak dira, ziurrenik ere egiaren zenbakiek gora egingo dute. Nabarmen, gainera.
Kontua da ez dagoela inor errealitate bortitz bezain gordin horren berri emango digunik. Itsasontziak blokeatzen dituzte, isunak jartzen dizkiete –300.000 eta 900.000 euroko isunen mehatxuak–, eta baita kapitainendako inhabilitazioak eskatu ere.
Ez da bidezkoa hainbeste traba jartzea bizitzak salbatzeari. Baina hala egiten denerako, agian atzetik dagoen arrazoia izango da benetan jendea hil dadin nahi dutela; eta ez besterik.
Egoera lotsagarri honen aurrean, Europaren erantzuna lotsagarriagoa suertatzen da: erreskataturiko 40 pertsonen giza eskubideak onartzeko estatuen arteko “elkar-trukaketa diplomatiko sendoak” behar izatea.
Europako estatuek egoera honekin bukatu nahi balute, lurrean gizakiekin trafikatzen dutenen ekintza ilegalarekin bukatuko lukete. Eta migratzeko bide ziurrak jartzea, behingoz.
Azkena Carola, baina gaur bertan belaontzi txiki bat Italiako kostara sartu da, beste hainbat migratzaile erreskatatuta.
Migratzea guztion eskubidea delako, haiekiko elkartasuna ez da geldituko.