Olabide eta Irigoien Nafarroako Trontza Txapelketako txapeldunordeak

Guaixe 2019ko uzt. 11a, 11:44

Nafarroako Kadeteen Trontza Txapelketako txapeldunak, Iturralde eta Irigoien. Argazkia: Eduardo Sanz.

Atzo Nafarroako Kadete Mailako Trontza Txapelketa jokatu zen sanferminetan. Basaburuako bikoa  gailendu zen Iñigo Aritza eta Andra Mari ikastoletako bikoen aurretik

Atzo Nafarroako Kadete Mailako Trontza Txapelketa jokatu zen Iruñeko Foru plazan, San Fermin Herri Kirol Jaialdien barruan. Sei bikote lehiatu ziren, horietatik hiru sakandarrak: Inar Olabide eta Adur Irigoien (Iñigo Aritza ikastola), Pello Altzelai eta Oinatz Carreño (Andra Mari ikastola) eta Urtzi Galartza eta Adur Lizarraga (Andra Mari). Etzanda jarritako metroko enborrari 10 epai edo mozte egin behar izan zizkieten 6 bikoek.

Azkarrenak Basaburua-Baztango Iraitz Iturralde eta Jon Irigoien izan ziren. 10 mozteak 6 minutu eta 2 segundotan egin zituzten. Atzean, bigarren posturako lehia oso estua izan zen. Txapeldunek baino 21 segundo gehiago behar izan zituzten txapeldunordeek, Iñigo Aritzako Inar Olabidek eta Adur Irigoienek (6:23). Eta podiuma Andra Mariko Peio Altzelaik eta Oinatz Carreñok osatu zuten (6:25), aurrekoek baino 2 segundo geroago (6:25).  

Laugarrenak Andra Mariko Urtzi Galartza eta Adur Lizarraga izan ziren (6:33), bosgarrenak Araxes taldeko Manex Saralegi eta Oier Goñi (6:43) eta seigarrenak Araxes taldeko Leire Olano eta Eneko Rekalde (7:44).

Bukatzeko, kimuen mailako herri kirol proba konbinatuaren erakustaldia egin zuten Andra Mari ikastolak, Berriozarrek, Araxesek eta Igantzik.