Irribarria eta Martija bizirik daude

Guaixe 2019ko uzt. 11a, 13:48
Zabaleta ikusgarri aritu zen aurreko egunean. Bihar, Ezkurdiarekin batera, Altuna eta Ladis Galarza izango dituzte aurkari.

Sanferminetako torneoko A multzoko 2. jardunaldian Irribarriak eta Martijak 22 eta 12 irabazi zieten Olaizola II.ari eta Albisuri. Lehen puntua lortu dute, eta Olaizola II.ak eta Albisuk Bengoetxearen eta Imazen kontra gaur zer egiten dutenaren zain daude finalera pasako diren hala ez jakiteko

Gutxika Sanferminetako Binakako Torneoa argitzen doa. Asteartean A multzoko 2. jardunaldia jokatu zen, eta lehen jardunaldian galdu ondoren, Irribarriak eta Martijak garaipen garrantzitsua lortu zuten Olaizola II.aren eta Albisuren kontra (22 eta 12). Baikoko bikotea izan zen hasieran aurreratu zena, 0 eta 5, baina pilotari abiadura ematen hasi ziren Irribarria eta Martija, eta egoerari buelta eman zioten. Akats gutxi egin zituzten eta atzeko koadroetan oso ziur ibili zen Martija, dominatzen, Albisuk sufritzen zuen bitartean. Irribarriak ongi asmatu zuen eta, azkenean, 22 eta 12 irabazi zuten.

Horrela, urrezko puntu bat lortu dute Irribarriak eta Martijak, eta finalera sailkatzeko aukera, izan, badute. Gaur, ostegunean, dagoeneko puntu bat duten Bengoetxeak eta Imazek Olaizola II.aren eta Albisuren kontra (22:15, ETB1) jokatuko duen partidak erabakiko du A multzoko finalista. Bengoetxeak eta Imazek irabazten badute zuzenean sailkatuko dira finalerako; Olaizolak eta Albisuk irabaziz gero, hiru bikoak puntu banarekin berdinduta leudeke eta tanteoak erabakiko luke.

B multzoan Ezkurdiak eta Zabaletak bihar jokatuko dute Altunaren eta Galarzaren kontra
B multzoan, lehendabiziko jardunaldian Ezkurdiak eta Zabaletak 7 tantotan utzi zituzten Urrutikoetxea eta Mariezkurrena II.a eta lehen puntua lortu zuten. Badirudi Urrutikoetxeak mina hartu zuela eskuan, eskuko mina baitu, eta Artolak ordezkatu du bizkaitarra. Atzo, asteazkenean, Altuna III.aren eta Ladis Galarzaren kontra aritu ziren Artola eta Mariezkurrena. Partida oso lehiatuan, Altunak eta Galarzak lortu zuten puntua, Artolari eta Mariezkurrenari 22 eta 18 irabazita. Hortaz, Baikoko bikoa aukerarik gabe gelditu da. B multzoan zein biko pasako den finalera ostiralean Ezkurdiak eta Zabaletak Altuna III.aren eta Ladis Galarzaren kontra jokatuko den partidak erabakiko du.

Marco Real upategien erronka
Uztailaren 13an, larunbatarekin, Marco Real upategien erronka jokatuko da, Asperen eta Baiko pilotaren arteko lehia. Lau t'erdian P. Etxeberria (Aspe) Lasoren kontra (Baiko) lehiatuko da; binaka Jakak eta Rezustak (Aspe) Baikok oraindik ez duen bikoa izango du aurkari; eta buruz buruan Zabala da Aspeko ordezkaria eta Baikok oraindik ez du berea aukeratu.

Sarrera guztiak agortuta
Sanferminetako pilota jaialdiez gozatzea geroz eta konplikatua da, berehala saltzen baitira sarrerak. Aspaldi saldu ziren jaialdi guztietako sarrerak.