"Sanferminak kaos kontrolatu bat dira”

Maider Betelu Ganboa 2019ko uzt. 12a, 08:30

Sakanako DYAk makina bat urte daramatza sanferminetan ezin eskertu daitekeen lan boluntarioa egiten. Gonzalo Montoya Serrano altsasuarra da horietako bat; Osasun-Larrialdi Teknikaria da, eta DYAko boluntario sakandarrek egunotan egiten duten lanaz aritu zaigu.

1.Noiz egin zinen DYAko boluntario?
Aurten 24 urte egingo ditut boluntariotzan; hasieran Gurutze Gorriko boluntario nintzen, eta duela 17-18 urte DYAko boluntarioa naiz.
 
2.Sanferminetarako larrialdiak nola antolatzen dira?
Sanferminetakoa larrialdietarako gailu berezia da. Festak hasi baino 3 hilabete lehenago hasten da prestatzen. Hainbat koordinatzaile biltzen dira horretarako, eta aurten niri ere egokitu zait bertan egotea. Guztia planifikatzen da: sareko zerbitzuak, 112 larrialdi zerbitzua, babesgailu bereziak –txupinazoa, su artifizialak, zezensuzkoa, haurren-guneak…–. Babesgailu berezietako kasuetan, txandaka egiten dugu lan. Aurten, esaterako, egun bikoitietan Gurutze Gorrikoak aritzen dira; eta egun bakoitietan gu, DYAkoak.

3.Entzierroetan ere aritzen zarete?
Bai, entzierroak Gurutze Gorrikoekin batera egiten ditugu. DYAk udaletxe atzealdean, Santiago plazan, postua jartzen du, beste bat Bajada Javier kalean eta errefortzua. Postuez gain, anbulantziak daude. Santo Domingon oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzia eta bizi-euskarri aurreratutako anbulantzia edo “uvi-movil” ditugu, Santiago plazan bizi-euskarri aurreratutako anbulantzia eta Bajada Javier kalean oinarrizko anbulantzia eta aurreratutakoa. Horretaz gain, entzierroko itxituran dauden boluntarioak daude, egunero DYAko 35 boluntario inguru.

4.Sanferminetako larrialdi guztia koordinatzea zaila izan beharko da…
Aurreko egunean gure artean aipatzen genuen: hau estresa da, baina koordinatutako estresa; kaosa da, baina kaos kontrolatua. Txupinazoak eztanda egitearekin batera lanean hasten gara, zurrunbiloan sartu eta guztia ateratzen da; gutxi gorabehera urteroko kontu berbera da.

5.Sakana DYAko zenbat boluntario zaudete lanean?
Sanferminetara sei kide gatoz: Marta Barquilla Barroso, Jose Antonio Barquilla Pulido, Alfredo Zelaia Goikoetxea, Santi Saldaña, Juan Jose Calvo de la Fuente eta ni. Gure ohiko lanek uzten dizkiguten tarteetan etortzen gara: Martak DYAn lan egiten du, berez; Alfredok eta biok anbulantzia enpresa batean egiten dugu lan, eta gure egun libreetan gatoz; Jose Antonio jubilatua da eta denbora asko du; Juanjo entzierroetara dator eta gero bere tailerra zabaltzera doa… bakoitzak ahal duena ematen du.

6.Urtero larrialdi berberak artatzen dituzue? Erorketak, zauriak, koma-etilikoak…
Kuriositatez, gutxien artatzen ditugunak koma-etilikoak dira, beste asistentziekin alderatuta: erasoak, erorketak, zauriak, traumatismoak, ebakiak… Mito faltsua da: Sanferminak, festa, alkohola, gaua… Sanferminak hori baino askoz ere gehiago dira. Goizetik entzierrora ateratzen da, erraldoiak, vermoutha… Navarreriako iturria kendu zutenean, politraumatismoen asistentziak nabarmen egin zuten behera; jaitsiera nabaritu zen. Hau antzinako Oestea dela saltzen dute; edozein etorri eta nahi duena egin dezakeela, eta hori ez da horrela. Oraindik pedagogia lan handia dago egiteko, tour-operadoreek bereziki. Honek guztiak bere arauak ditu, bere segurtasuna; eta nahiz eta ez iruditu, Iruñea oso hiri segurua da sanferminetan. Polizia ugarik egiten dute lan: udaltzainek, foruzainek, guardia civilak, polizia nazionalak… Horretaz gain, Frantziako Poliziak hainbat urte daramatza zaintza-lanak egiten; aurten Italiako polizia etorri da; eta Amerikako Enbaxadak ere poliziak bidali ditu. Herrialdeen artean egiten diren akordioak dira, hangoak estatura etortzeko eta estatukoak bertara joateko, bertako hiritar asko daudelako. Eta aurten Polizia Nazionalaren zaldi-unitatea ekarri dute, Media Lunan eta hainbat tokitan zaintza-lanak egitera. Segurtasun handia dago.

7.Eraso sexisten aurrean aldaketa nabari da?
Zalantzarik gabe. Nafarroako gizartea kontzientziatuago dago; edozein motako eraso sexisten aurrean batasuna dago. Espero dezagun eraso hauek desagertu eta halakorik gehiago ez gertatzea. Sanferminak guztien festak dira, guztiok errespetatu beharrekoak.

8. Nola doaz aurtengo sanferminak?
Aurreko urteetakoen antzera. Txupinazoan bereziki beroak eragindako intzidentziak atenditu behar izan genituen: lipotimiak, bero-kolpeak, konorte-galerak… Intzidentzia gehienak, kopuruz, gauez gertatzen direla esango nuke: ebakiak, kolpeak, bihurrituak… Drogen kasuan ez dago aparteko aldaketarik. Ohiko droga kasuak dira iristen zaizkigunak: diseinu-drogak, kokaina, speeda, LSD… burundanga eta heroinarik, sanferminetan behintzat, ez zaigu iritsi.

Sanferminetan alerta-segurtasun 4 mailan gaudenez, trebakuntza berezia egin dugu biktima askotariko gertakarietan egin beharreko odol hemorragia-kontrolean. Gehiegizko odolusteak nola kontrolatu. Eta kit bereziak erosi ditugu, entzierroetara eramaten ditugunak: tornikete berezi eta espezifikoak, taktikoak deritzonak; agente demostatikoak, zaurira botatzen den botika, odolusteak berehala gelditzeko; bendatze-israeldarrak deritzonak, odoluste bereziak kontrolatzeko… eta, bestetik, sexu erasoak artatzean zein pausu jarraitu behar ditugun trebatzeko formazioa jaso dugu, psikologoen eskutik.

9.Urte luze hauetan denetariko pasadizoak gertatuko zitzaizkizuen…
Denetatik! Txisparekin, alai datozenekin barre asko egiten dugu, umorez etortzen baitira. Egoera barregarriak egoten dira ere, eta tarteka errespetu falta duen jendea. Denetarik dago, varieté hutsa da hau. Baina, oro har, jendea ongi portatzen da. Momentuz ez dugu erasorik jasan. Dena den, hau ekiditeko, Alde Zaharrean intzidentziaren bat dagoenean segurtasun indarrak dira zauritutakoa bertatik atera eta gure postuetara ekartzen dutenak. Udaltzainen eta foruzainen babes handia dugu. Larrialdia jaso, eurei abisua eman, gurekin datoz eta babesten gaituzte. Lan handia egiten dute. Bestalde, duela urte batzuk txupinazoan botilakada jaso zuen mutil madrildarra artatzea tokatu zitzaigun. Oraindik oilo-ipurdia jartzen zait. Izugarri ukitu gintuen.

10.Sanferminez gozatzeko aukerarik baduzue?
Bai, lana eta aisialdia tartekatu behar dira; bestela jasanezina litzateke. Uniformez jantzitako ordu asko dira gureak, baina tartea egiten dugu festaz gozatzeko. DYA Nafarroaz gain, beste probintzietako kideak datoz: DYA Extremadura, Valentzia, Alacante, Gipuzkoa… tarteka eguna hartu eta eurekin ateratzen gara, parrandatxoa egin… eta hurrengo egunean gerrara buelta (kar-kar).

11. Zein mezu emango zenieke herritarrei?
Etor daitezela festara, ongi pasa dezatela, baina errespetatu dezatela. Guztien festa da, guztiok askatasunean ospatu beharrekoa. Eta jakin dezatela edozein arazo badute 112 larrialdietara deitu dezaketela, edo sanferminetan Diputazioan jartzen ditugun postuetan han gaudela, ohiko arazoak artatzen: erorketak, kolpeak, ebakiak… hor gaude eta hor jarraituko dugu.