Jon Irañeta, Nafarroako txapelduna

Guaixe 2019ko uzt. 15a, 13:04

Sakanako Harrijasotze Eskolan trebatzen den harrijasotzaile irurtzundarrak Nafarroako Harrijasotze Txapelketa irabazi zuen larunbatean Iruñean, 47 altxalditan 5.337,5 kilo jaso eta gero

San Fermin Herri Kirol Jaialdien barruan larunbatean hitzordu oso garrantzitsua izan zuen Jon Irañeta harrijasotzaile irurtzundarrak: Nafarroako Harrijasotze Txapelketa. Sakanako Harrijasotze eskolan trebatzen da jaiotzez Egiarretakoa den baina Irurtzunen bizi den harrijasotzailea, Mikel Lasarteren aginduetara, eta Lasarte beraren babesa izan zuen larunbatean Iruñeko Foru Plazan jokatu zen finalean. Berarekin batera Josetxo Urrutia leitzarra, Albaro Zugarrondo iruindarra eta Xabier Ariztegi ʺSantxin” etxalartarra aritu ziren txapelketa. Hiru harrirekin –125 kiloko zilindroa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola– bi minutuko txandak egin beharko izan zituzten. Altxaldi gehienak egiten zituena izango zen txapelduna.

47 altxalditan 5.337,5 kilo
Foru plaza bete zuten herri kirolzaleek eta harrijasotzaileek primerako giroan egin zioten Nafarroako Harrijasotze Txapelketari. Bitartean, Nafarroako Binakako Aizkora Txapelketa eta Nafarroako Gurdi Altxaketa Txapelketa jokatu ziren. Jon Irañetak sasoi betean dagoela erakutsi zuen eta hiru harriekin lan bikaina egin zuen. Guztira 5.337,5 kilo jaso zituen, Josetxo Urrutiak baino 800 kilo gehiago. Irañetak 125 kiloko zilindroarekin 19 altxaldi egin zituen, 112,5 kiloko kubikoarekin 18 altxaldi eta 100 kiloko bolarekin 15 altxaldi; guztira, 47 jasoaldi. Alboan Mikel Lasarte entrenatzailea izan zuen Jon Irañetak. Bere apopiloa laguntzeaz gain, motozerrarekin erakustaldia egin zuen Lasartek: motozerrarekin bi pieza eder egin zituen, publikoaren artean zozketatu zirenak.

Josetxo Urrutiak 4.537,5 kilo jaso zituen, Xabier Ariztegi ʺSantxin” harrijasotzaileak 4.350 kilo eta Albaro Zugarrondok 3.637,5 kilo. Zugarrondok ezin izan zuen 100 kiloko bolarekin aritu, ez baitzegoen ongi. 

Irañetak onartu zuen azken urtean lan handia egin duela. "Arerio gogorrak daude, baina harri bakoitzarekin lan ona egitea da garrantzitsuena" aitortu zuen.

Mikel Lasarte: ʺGure eskola poliki emaitzak lortzen hasi da”
Sakanako Harrijasotze eskolako arduradun Mikel Lasarte oso pozik zegoen apopiloak egindako lanarekin. ʺOso pozik nago Jonek lortutakoarekin. Berarengatik eta baita gure eskola poliki emaitzak lortzen hasi delako. Harrijasotzaileak ateratzea asko kostatzen da eta txapelak irabaztea gehiago. Beraz, oso pozik gaude” adierazi du Lasartek. Halaber, Sanferminetako Motozerra Txapelketan bigarrena sailkatu zen Lasarte, eta egindako lanarekin ere kontentu zegoen irurtzundarra.