Sanferminetako idoloak

Guaixe 2019ko uzt. 15a, 12:03

Ezkurdiak eta Zabaletak 22 eta 8 irabazi zieten Bengoetxea VI.ari eta Imazi Sanferminetako Binakako Torneoko finalean, Miurak bailitzan, euren gainetik pasaz. Goitik behera nagusitu ziren sakandarrak eta aipatzekoa da Etxarrengo atzelariaren lana: torneoko jokalari onenaren saria jaso zuen, ederki merezitakoa

Sanferminetako Binakako Torneoa aurkeztu zutenetik, faboritoen artean zeuden Ezkurdia eta Zabaleta. Bi sakandarrek puntako bikoa osatzen dutela ez dago zalantzarik: lagun handiak dira, primeran ezagutzen dute elkar, askotan jokatu izan dute elkarrekin eta Binakako txapeldunak izan ziren 2018an. Kinieletan aurrean egongo zirela jakina zen, eta biko sakandarrak ez zuen hutsik egin.

Euren multzoan, B multzoan, bi partidak irabazita iritsi ziren finalera. Urrutikoetxea eta Mriezkurrena II.a 7 tantotan utzi zituzten eta Altunaren eta Galarzaren kontrako partida ederrean 22 eta 17 gailendu ziren. Biak ikusgarri aritu ziren, baina, akaso, Etxarrengo atzelaria da aipatu beharrekoa. Zikloi bat bezala aritu zen eta arerioen gainetik pasa zen. Bestalde, A multzoan lanak oso txukun egin zituzten Bengoetxea VI.ak eta Imazek, eta bi partidak irabazita –Irribarriari eta Martijari 22 eta 18 eta Olaizolari eta Albisuri 22 eta 8– finalerako sailkatu ziren.

Atzoko finalean dirua nabarmen atera zen Ezkurdiaren eta Zabaletaren alde. Katedra ez zen okertu, eta hasieratik alde ederra atera zuten sakandarrek. Lehen tantoa Bengoetxearen eta Imazen aldera erori zen, baina Labrit goraino betetzen zuten pilotazaleak ia konturatu gabe, 2 eta 5 aurreratu ziren sakandarrak, eta gero zuzenean 2 eta 14raino joan ziren. Ezkurdiak eta Zabaletak Bengoetxea jokoz kanpo utzi zuten, eta Imazek ezin izan zien euren erasoei eutsi. Zabaletak atzera ere sekulako errezitaldia eskaini zuen eta partidako protagonista hutsa izan zen: atzeko koadroetan erabat nagusitu zen –Imazek bere bizkarra ikusi behar izan zuen ia partida guztian barna–, aurreko koadroetaraino ere sarritan iritsi zen, 2 eta 13koan dejada ikusgarria egin zuen eta kantxa ia guztia estali eta babestu zuen. Zikloi hutsa. Ezkurdia ere eroso aritu zen aurreko koadroetan, bikain. Imaz gainditua zegoen, eta Bengoetxea bere onetik irtenda, partidan ezin sartu. 6 eta 14 gerturatu ziren Baiko pilotakoak, baina sakandarrek berriro batuta hartu eta 8 eta 22 gailendu ziren. Bengoetxearen eta Imazen gainetik pasa ziren, Miurak bailitzan.

Zabaleta torneoko onena
ʺEz dakit atzelari batek horrenbeste jokatu duen inoiz” aipatu zuen partida bukaeran Bengoetxeak. Esaldi horrek ezin hobe laburtzen du finalaren eta Sanferminetako Binakakoaren nondik norakoa. Egunotan titularrak bete ditu Jose Javier Zabaletak, txapelketa bikaina egin duelako. ʺZabaleta maila honetan jokatzen ikusi ote dudan? Ziurrenik partidaren batetan bai, baina uste dut azkenaldian duen erregulartasuna ez duela aurretik izan” azaldu zuen, bere aldetik, Sanferminetako torneoa irabazteagatik zoriontsu zegoen Ezkurdiak. Bere hirugarren Sanferminetako torneoa da hau, aurreko biak Rezustarekin, eta aurten Zabaletarekin. ʺHiru urte jarraian sanferminetako torneoa irabazi izanagatik harro nago; lan gogorraren fruitua da” nabarmendu zuen Arbizukoak.

Zabaleta oso pozik zegoen Sanferminetako bere lehen torneoa irabazi izanagatik. Aurreko urtean finala galtzearen arantza atera zuen Etxarrengoak. Horretaz gain, torneoko pilotari onenaren saria jaso zuen, sanfermin irudia. ʺOso pozik nago. Partida serioa egin dugu biok eta Oinatz jokotik kanpo uztea lortu dugu. Sanferminetakoa irabazita, udako torneoetatik Logroñokoa da irabazteko geratzen zaidan bakarra. Ea aurten tokatzen den” aipatu zuen.