Egun beltza Erbitiren eta Arrietaren Movistar Team-endako

Guaixe 2019ko uzt. 16a, 08:59
Landaren erorikoarekin penatuta zeuden Movistar Team taldekoak, baina talde onenaren saria jaso zuten.

Eroriko batengatik faboritoekin ia 2 minutu galdu ditu Mikel Landak. Gaur lehen atseden eguna dute, Pirinioetako bezperan

Atzoko Tourreko etapan ez zela ezer berezirik gertatuko espero zen: ihesaldiren bat eta ezer gutxi gehiago. Baina guztiz kontrakoa gertatu zen eta egun oso erabakigarria bilakatu zen atzokoa. 



Hasieran, eta gidoia jarraituz, sei txirrindularik salto egin zuten aurrera. Tropela lasai zihoan, baina helmugarako 40 kilometroren faltan Education First taldea tropela mugitzen hasi zen, baina Alappiliphe liderraren taldeak, Deceuninck-Quick Stepek, tropela apurtzea lortu zuen: faboritoen artean aurrean Bernal, Quintana, Thomas, Landa eta Mas geratu ziren, eta haize-babesen ondorioz, atzean Pinot, Uran eta Gorka Izagirreren liderra, Fugslang (Astana).

Aurreko taldeak ihes egindakoak harrapatu zituen eta atzeko taldean Astana taldeak, Gorka Izagirrek tartean, lan itzela egin zuen bi taldeen arteko tartea murrizteko. Bitarte horretan gertatu zen Mikel Landaren (Movistar Team) ezbeharra. Helmugarako 19 kilometroren faltan, Warren Barguilek (Arkea) Alaphilipe liderraren gurpila ukitu zuen, oreka galdu eta sorbaldarekin Mikel Landa bota zuen. Errepidetik kanpo, lurrera joan zen arabarra. Quintana eta Valderde izan ezik, bere taldekideak, Hiriberriko Imanol Erbiti tartean, berari itxaroten geratu ziren eta berarekin egin zuten bidea, ahalik eta denbora gutxien galtzeko. Baina arabarrak bi minutu eta 9 segundo galdu zituen helmugan. Ez balitz erorketa gertatu, garailearen taldean sartuko zen Landa. Fugslangek eta Pinotek 1:39 galdu zuten. Ez zen egun ona izan ere Gorka Izagirreren Astana taldearendako. 



Arrietaren eta Erbitiren hitzak

ʺNorbaitek beste txirrindulari baten gurpila ukitu egin zuela ikusi genuen eta Landak errepidetik atera zuen bultzada jaso zuen” azaldu zuen gertakaria Movistar Team taldeko kirol zuzendari Jose Luis Arrieta uhartearrak.  Landak gaineratu zuen zorionez ez zuela ezer larririk. ʺOndo nago, ez dut minik, baina denbora galdu dut. Bila etorri ginen helburuak ihes egin digu eroriko honekin” gaineratu zuen, penatuta. ʺMikelek zorte oso txarra du, espero dut noizbait zortea bere alde izatea eta merezi duen guztia bueltatzea” gaineratu zuen Arrietak. Izan ere, urte bat baino gutxiagoko epean hiru eroriko izan ditu arabarrak, hirurak gainontzeko txirrindulariek eragindakoak.

Gertakariarekin zerikusia izan zuen Warren Barguilek (Arkéa-Samsic) gertatuarekin ʺoso penatuta” zegoela adierazi zuen eta barkamena eskatu zuen. 

manol Erbitik azaldu zuen Mikelen erorikoa eta gero taldeak berehala erantzun zuela. ʺNairo eta Alejandro aurrean egon zitezen saiatu gara, eta, bestalde, Mikelekin denbora errekuperatzen, baina ez dugu izan denbora berreskuratzeko beharrezko tarterik. Zorionez Mikelek bakarrik zauri arinak ditu; mina ematen diona denbora galera da”. 



Gauzak horrela, Alaphilippek eusten dio lidergoari, 1:12ra Geraint Thomas (Ineos) eta 1:16ra Egan Bernal (Ineos) dituela. Sailkapen orokorra, beraz, itxura hartzen ari da. Nairo Quintana 2:04ra dago, Fuglsang 3:22ra eta Mikel Landa 4:15era. Gure txirrindulariei dagokienez, Gorka Izagirre 60.a da, 38:13ra, eta Imanol Erbiti 121.a, 1:18:29ra. Gaur atseden jardunaldia dute txirrindulariek, bihartik aurrera Pirinioak eta Paueko erlojupekoa baitituzte zain. Movistar Team taldeak bere estrategia egokitu beharko du.