Ohi denez, berriro ere gertatu da: urak bere bidea hartu du. Oraingoan Tafallan eta ondoko zenbait herritan, Nafarroako Erdi Aldean. Ur handitan sartzeko moduko gaia horixe, baina, udarak moteldu egin dizkit neuronak; eta ez dut abilidaderik, ez dulebreirik gai handietan sartzeko, inguruak hala eskatzen badu ere.
Horrexegatik, gauza arinagoen bila hasi naiz, eta haratx zer aurkitu dudan Berriako albiste batean: "Friki eta divak, hiztegian. Euskaltzaindiaren Hiztegian egindako zuzenketen eta eguneratzeen berri eman du akademiak: 397 forma berri gehitu ditu". Albiste honek aitzakia eman dit zutabe hau idazteko, gure bailaran ezaguna den "Katxarro" hitzak hiztegian hartu duen tokiaren berri irakurri eta gero.
Euskaltzaindiaren "Hiztegia" etengabe berritzen eta zuzentzen dihardute hizkuntzalariek, eta urtean bitan txertatzen dituzte eguneraketak. Akademiak, sarrera berriak gehitzeaz gain, kale hizkeran ere jarri du fokua. Sarrera berrien artean, lagunarteko hainbat hitz ageri dira, tartean, friki, flipatu, diva edo katxarro. Horiez gain, ohikoak diren edari batzuk ere onartu dituzte; hiztegian arauturik daude jada zurito, kaña, kubata eta kuba-libre. Edariak ez ezik, elikagaiak ere badaude berrikuntzen artean: sushi, tofu, curry eta pintxo.
Hitz horietatik gure-gurea den “katxarro” hitza azpimarratu nahiko nuke. Bakeikuarrei ohorezko identitatea emateaz gain, hitz hori baliagarria zaie edozer gauza izendatzeko. Esaterako, hitz batekin gogoratzen ez bazara, "katxarro" hitza sartu eta kitto.
Katxarroekin jarraituz, postontzian jaso dudan Guaixen, goitibeherak azaldu zaizkit mutur aurrean. Sakana Motorsport eskuderiak eta Olaztiko Gazte Asanbladak Goitibeherak antolatu dituzte Olaztiko festetarako, "Noski baietz!" lelopean. Traste edo tramankuku horiekin ibiltzeko aspaldiko ohitura berreskuratu eta goitibeheren espiritua sustatu nahi dute, burua eta irudimena astintzeko. Goitibeheren balioa baita hori, daukazunarekin edo aurkitzen duzunarekin moldatzearena. Ekimen honen aitzakian ganboikoak, bajerak, zakar ontziak edo dena delakoak arrastinatzen hasi eta Olaztiko edo beste herri batzuetako festetarako tramankuluak prestatzen hasteko aukera paregabea.
Dozena bat urte izanen da goitibehera kirol bezala katalogatuta izan zela eta "Deporte de Inercia" izeneko federazioa sortu zutela (beren web ataria saltseatu dezakezue). Aireari erresistentzia jartzen eta abiadura hartzen ahalegintzen diren karrikotxe horien jaitsierak ikustean bakeikuarrentzat erabiltzen den esamoldea ere aproposa izan daiteke: goitibehera, firikan-firikan zierrak aurria!