Irati Irigoienen brontzea

Guaixe 2019ko uzt. 17a, 11:51

Espainiako Taekwondo Borroka Txapelketetan 21 urtez azpiko 62 kilo azpiko mailan brontzezko domina lortu zuen urdiaindarrak

Uztailaren 6an eta 7an kadete, junior eta 21 urtez azpiko Espainiako Taekwondo Borroka Txapelketak jokatu ziren Valladoliden. Nafarroako selekzioarekin 31 taekwondista aritu ziren, Mikel Martinez selekzionatzailearen esanetara. Tartean Sakanako Bargagain Taekwondo taldeko Irati Irigoien urdiaindarrak lan bikaina egin zuen. 21 urtez azpiko mailan, 62 kilo azpiko kategorian brontzezko domina lortu zuen urdiaindarrak, Galiziko Miryam Garciaren eta Andaluziako Maria Jimenezen atzetik.
Txapelketan ere Bargagain taldeko Erkuden Jinxin Moreno altsasuarrak hartu zuen parte, kadeteen 33 kilo azpiko mailan. Silvia Oteroren kontra gailendu eta gero, Alba Jia Bazen kontra erori egin zen altsasuarra.