Tourra: Pirinioak ate joka

Guaixe 2019ko uzt. 17a, 11:07
Gorka Izagirre, aurreko urteko Tourrean Pirinioetako lehen etapan bigarrena izan zen.

Gaur, asteazkenean helduko da Tourra Pirinioetara eta ostegunean banakako erlojupekoa jokatuko da Pauen. Hurrengo egunotan zale euskaldunek Pirinioak beteko dituzte

Gaur, asteazkenean iritsiko da Tourra Pirinioetara, Toulousen hasi eta Bagnères de Bigorren despedituko den etapa menditsuarekin (209,5 km). Lehen mailako Col de Peyresourde eta kategoria bereziko Hourquette d´Ancizan gainditu beharko dituzte txirrindulariek. Eta bihar, osteguneko etapa, Euskal Herrian jokatuko da, Pauen, bertan hasiera eta bukaera duen 27,2 km-ko erlojupeko indibidualari egin beharko baitiote aurre txirrindulariek. Eta astebururako Pirinioetako etapa peto-petoak izango dira jokoan: Tourmalet, Col de Montsegur, Port de Lers, Foix…

Erbiti: ʺerasora atera beharra dugu”
Beraz, faboritoak erasora jo beharko dutela ez dago zalantzarik. Sailkapenean tarteak ateratzeko etapak ditugu aurretik eta ikuskizuna pil-pilean dago. Erabakigarriak izango dira Pirinioak. Iritzi horretakoa da ere Hiriberriko Imanol Erbiti (Movistar Team). Mikel Landaren erorketagatik arabarrak denbora asko galdu zuen sailkapen orokorrean, baina Erbitik oso argi du borrokan segitu beharra dutela. ʺTourrera garaipena lortzera bagatoz, erasora pasa behar dugu, mendiko lehen etapan egin genuen bezala” adierazi du Hiriberrikoak. ʺMikelen erorketak min handia egin digu, baina ez dugu etsiko. Mikel ausarta da, eta ausardia horrekin beste modu batera lehiatzeko aukera du orain, zaleen gozagarri” gaineratu du.

Gorka Izagirreren Astana taldean ere mugimenduak egin beharko dituzte, Fugslang liderrak denbora asko galdu baitzuen asteleheneko etapan, haize-babesen ondorioz atzean, moztuta gelditu baitzen.

Zale euskaldunak
Le Grande Bouclen zale euskaldunek berea jarriko dute, Pirinioak koloreztatu eta girotuko baitituzte. Jakina, Euskal Herriko selekzioaren aldeko eta Euskal Herriari buruzko aldarrikapenak ez dira Pirinioetan faltako, Paueko erlojupekoan baita ere, eta mota guztietako deialdiak egin dira.

Sakandar askok ere Pirinioetara eta Pauera joko dute Tourra ikusi eta txirrindulari euskaldunak animatzera. Auto ilarak ekidin eta portuetara iristeko garaiz ateratzeko gomendioa egin du antolakuntzak.