Orain bai… hemen dira Pirinioak

Guaixe 2019ko uzt. 18a, 09:32

Gaur Toulousen hasi eta Bagnères de Bigorren despedituko da Tourreko 12. etapa

Atzo Tourreko 11. etapa jokatu zen, Albi eta Tolosa artean. Etapa lasaia izan zen, helmugatik 30 kilometrora gertatu zen erorketa bat salbu. Nairo Quintana (Movistar Team) eta Richie Porte (Trek) moztuta geratu ziren, atzean, baina euren bi taldeek ongi erantzun zuten eta taldekideen laguntzarekin helmugatik kilometro gutxira harrapatu zuten tropel nagusia. Esprintean erabaki zen etapa eta Lotto Soudal taldeko Caleb Ewan gailendu zen.

Sailkapen orokorrean ez dago aldaketarik. Julian Alaphilippek (Quick Step) jarraitzen du lider, Geraint Thomas (Ineos) 1:12ra eta Egan Bernal (Ineos) 1:16ra dituela. Gure bi txirrindularien taldeek, Imanol Erbitiren Movistar Team-ek eta Gorka Izagirreren Astanak, kolpea jaso zuten asteleheneko etapan. Movistar Team taldeko Mikel Landa lurrera joan zen Warren Barguilek (Arkea) sorbaldarekin nahigabe jo eta errepidetik atera zuenean eta haize-babesen ondorioz atzean moztuta geratu zen Astanako lider Fugslang. Ondorioz, denbora asko galdu zuten. Egun, Jakob Fugslang 15.a da, 3:22ra eta Mikel Landa 20.a, 4:15era. Haien alde lan itzela egin dute egunotan Imanol Erbitik (117.a sailkapenean) eta Gorka Izagirrek (58.a sailkapenean). Hala jarraituko dute, egun oso gogor eta erabakigarriak baitatoz.

Gaur, osteguna, iritsiko da Tourra Pirinioetara, Tolosan hasi eta Bagnères de Bigorren despedituko den etapa menditsuarekin (209,5 km). Lehen mailako Col de Peyresourde eta kategoria bereziko Hourquette d´Ancizan gainditu beharko dituzte txirrindulariek. Eta, jakina, faboritoen mugimenduak espero dira.