"Gustura ospatu genuen txapela lagunekin, sanferminetan. Hori ere behar da”

Maider Betelu Ganboa 2019ko uzt. 19a, 11:22

Jon Irañetak 22 urte ditu. Egiarretan sortua, egun Irurtzunen bizi da. Fundizio batean egiten du lan, etxeko abereak zaintzen ditu eta aisialdian harrijasotzean trebatzen da. Egindako lanaren saria jaso zuen larunbatean Iruñean, Nafarroako Harrijasotze Txapelketa irabazi baitzuen.

Noiz piztu zitzaizun harrijasotze zaletasuna?
Irurtzunen Sakanako Harrijasotze Eskola zegoela jakin nuen. Sartu nintzen probatzera, gustuko izan nuen eta ordutik hor nabil. Txikitatik gustatzen zaizkit herri kirolak, ikusteko bereziki, baina probatu arte ez nuen inoiz pentsatu harriekin ibiliko nintzela, ez bainuen afizio asko.

Irurtzunen dago Sakanako Harrijasotze eskola, Sakanako Mankomunitateak sortu eta Mikel Lasartek gidatzen duena.
Bai, 16 edo 17 urte nituela hasi nintzen Sakanako Harrijasotze eskolan, baina bi urtez Gasteizen egon nintzen ikasketak egiten eta bertan bizitzen, eta han ere segitu nuen zer edo zer harriekin, afizioarekin. Eta ikasketekin bukatzerakoan etxera bueltatu nintzen eta Sakanako eskolan hasi nintzen berriro, Mikelekin. Horretaz gain, duela bi urte Astitzen egon nintzen ere ikasten, Jesus Atxaren eskolan, eta asko ikasi nuen ere.

Aurreiritziak ditugu harrijasotzearekin? Gehienetan pentsatzen dugu sekulako handia eta indartsua izan behar duela batek bertan aritzeko, baina Mikel Lasartek dio indarra baino teknika dela gehiago…
Mikelek txikitatik esan izan dit harrijasotzean % 70 teknika dela, % 20 indarra eta % 10 burua.

Mikel Lasarte oso irakasle ona dela diote…
Bai. Pazientzia handia izan du. Azkenean astero-astero lauzpabost urtetan berarekin, pixkanaka, egun onak eta txarrak egon dira, baina oso ongi.

Egun zenbat ikasle zaudete Sakanako Harrijasotze Eskolan?
Hiru: Berriozarko bat, Iruñeko bat eta ni. Ikasleen artean denbora gehiena nik eman dut eskolan. Hemendik pasatzen jende asko ikusi dugu, tartean gimnasioetatik datozen kirolari indartsuak, harriekin saiatzera datozenak, tarteka utzi eta gero bueltatzen direnak... Urtean barna jendea pasatzen da. Eta hori oso ona da, gauza probatzea baita.

Aurtengo Nafarroako Harrijasotze txapelduna zaitugu. Zure helburuetako bat izango zen, ez?
Sei hilabete neraman txapelketan pentsatzen, eta oso pozik nago, dena oso ongi atera zelako. Gero gustura ospatu genuen sanferminetan, lagunekin. Gau luzea izan genuen. Hori ere behar da. Duela bizpahiru urte atera nintzen lehenengoz plazara eta bi urte hauetan indarra hartu dut. Adina nabaritzen da.

47 altxaldi egin zenituen guztira eta 5.337,5 kilo jaso zenituen.
Bai. 125 kiloko zilindroarekin 19 altxaldi, 112,5 kiloko kubikoarekin 13 altxaldi eta 100 kiloko bolarekin 15 jasoaldi. Hiru harri dira hiru tartetan, deskantsatzeko tarte handirik gabe, eta nekea nabaritzen joaten da. Dena ematen da lehendabiziko harrian, eta nahiz eta besteetan indar betean aritu, beti izaten dira altxaldi gutxiago.

Zure arerioak, Josetxo Urrutia, Albaro Zugarrondo eta Xabier Ariztegi ʺSantxin” nola ikusi zenituen?
Zenbaki oso politak egin zituzten. Kanpotik badirudi ez dela horrenbesterako, baina guztiok egin genituen markak oso onak izan ziren. Harri horiek egin behar dira! Dena den, bakarrik plazara ateratzea meritu handia da, eta zenbaki oso onak egin zituzten.

Plazak ez dira errazak ezta?
Ez, beti nerbioak daude tarteko.

Zein harri gustatzen zaizu gehien?
Kuboa eta bola. Gehienek zilindroa erantzungo lukete, baina ni trebeago naiz kuboarekin eta bolarekin, teknika oso ongi ikasita dut eta oso gustuko ditut.

Zure hurrengo erronka zein izango da?
Herrietako erakustaldietan ariko naiz eta Zazpi Herrialdeetako Herri Kirol Txapelketan parte hartuko dut. Nafarroarekin aritzeko deitu didate eta oso pozik nago. Abuztuaren 31n izanen da. Beraz, lanean jarraitu beharra dut, topean. Irurtzungo festetan ostegunean (atzo) erakustaldia egingo dut Albaro Zugarrondorekin batera. Berak ere Irurtzunen ikasi zuen harrietan eta, beraz, etxekoak ariko gara plazan.

Hurrengo ikasturtean Sakanako Harrijasotze Eskolan jarraituko duzu, edo zure kasa entrenatzen hasiko zara?
Ez, Mikelekin jarraituko dut. Beti egon behar da norbaitekin eta Mikel oso irakasle ona da. Finalean ere nire alboan egon zen; beti gertu dut.

Zer du zuretzat harrijasotzeak? Zer ematen dizu kirol honek?
Oso kirol sakrifikatua da baina emozio handiak ematen dituena. Oso polita da plazara ateratzea eta erakustaldiak egitea, gustuko dut. Prestakuntzaren aldetik, entrenatzean konstantzia da gehienbat. Bizpahiru astez usten bada, asko kostatzen da berriro puntua hartzea. Konstantzia da garrantzitsuena.

Hurrengo ikasturteari begira txikienak animatuko zenituzke Sakanako Harrijasotze Eskolan izena ematera?
Bai, zalantzarik gabe! Denak animatzen ditut. Harri txikiak daude, eta behintzat anima daitezela saiatzera, ikustera nola den. Beti animatzen dut jendea.