Zer gaitza da?
Onddo pare bat dira. Elkarren artean “lehengusuak” dira eta pinuen hostoei, azikulei, erasotzen diete, euren elikagaia baita. Ez die pinu guztiei berdin eragiten. Badira pinu mota batzuk sentsibleagoak direnak eta beste batzuk hobeki aguantatzen dutenak. Ez dira onddo berriak. Hemengo pinuei behin baino gehiagotan kalte egin izan diete. Sakanaren kasua ez da horren deigarria. Badituzue pinudi batzuk kolore txarra dutenak duela hiruzpalau urtetik, esaterako, Olatzagutia inguruan. Bakarren bat berriki ikusi da Arbizun eta inguruan. Baina, orokorrean, esan dezakegu pinudien osasuna Sakanan ona dela.
Zein pinu motari eragiten dio?
Ez da bakarra, baina Sakanan batez ere landatua dagoena larizio pinua da. Eta horrek barietateak ditu: Korsikakoa, Austriakoa eta abar. Korsikako motakoa da sentsibleena. Pixka bat ekialderago joaten bagara, Ihabarren, Lakuntzan eta Olatzagutiako bargan dauden pinuak nahiko sano daude. Korsikakoa askoz sentsibleagoa da. Askoz sentsibleagoa da radiata edo intsignis pinua. Hori Nafarroan Kantauri isurialdean dugu batez ere: Araitz, Leitzaldea eta Baztan-Bidasoan. Horietan bi onddo horietaz aparte beste batek eman dio, fusariom izenekoa. Horietan egoera askoz ere larriagoa da.
Zer eragin du pinuengan?
Hostoetatik sartzen dira, marratxo batzuk eginez. Horregatik, banda gorria edo banda marroia deitzen zaio. Onddo desberdinak dira, baina elkarrengandik nahiko hurbil daude. Hostoak ihartzen joaten dira eta erori egiten dira. Eraso hau behin gertatuz gero ez da ezer gertatzen. Bitan ere ez. Zergatik? Zuhaitzak berak erantzuten du hosto horiek botaz eta kimu berriak atereaz. Baina zenbait urtez luzatzen bada, zuhaitza bera ahuldu dezake eta hil. Baina Sakanan, behintzat, hori ez da normala. Nahiz eta noizbait gertatu ez da hiltzeraino iritsi. Olatzagutiakoan koloreak pixka bat begietara ematen du. Horrek zenbait urte kili-kolo daramatza, hosto gutxirekin, erortzen dira, baina zuhaitzek hosto berriak botaz erantzuten dute.
Pinu horien gaitzak klima aldaketarekin zerikusia du?
Zehatz-mehatz ez dakigu. Onddoen erasoak Bidasoa inguruan fuerteagoak izan dira. Ez dira gauza berria, baina inoiz baino fuerteago jo dute. Beraien garapena, onddo guztiena bezala, tenperatura eta hezetasunarekin erabat lotuta daude. Agian, ez erabat zuzenean, baina zeharka zerikusirik izan dezake ziurrenik.
Zer egin daiteke zuhaitz horiekin? Sendagairik badago?
Onddo horien kontrako tratamenduak gutxitan dira erabat eraginkorrak mendi inguruetan. Zergatik? Ezin da ongi tratatu, aldapa da, euria egiten du, haizea, egoera txarrak eta produktu gehiegi ere ez daude. Orduan, Nafarroan, Bidasoa aldean eginen den esperientziaren bat kenduta, horrelako gaitzik ez da sekula tratatzen. Naturaren edo espeziearen beraren erantzun gaitasunean uzten da erreakzioa.
Euskal Autonomia Erkidegoan oxido kruposoa erabiltzen ari dira.
Nafarroan proba batzuk egin nahi dituzte, baina ez pinu espezie honekin, larriago dagoen espezie horrekin baizik. Etzegarate gurutzatu eta nagusi den pinua radiata da, intsinisa. Hori da Nafarroako Kantauri isurialdean larriago dagoen pinu hori. Badira 2.500 hektarea inguru larriki jota. Sakanan 10 edo 20 hektareaz ari gara. Baina proportzioan askoz ere gutxiago da hori. Guretako, mendi kudeaketa aldetik, kasu larriena, lehentasun handiena duena beste pinuarena da. Hau, aipagarria bai, baina ez da hain larria.
Gaixo dauden pinuen zura erabilgarria da?
Bai. Zuhaitzak bizirik dirauen bitartean, eta hil eta pixka batean ere, zurak irauten du. Usteltzen hasi baino lehen zur horrek balio du. Usteltzen den heinean zerrategi baterako ez bada, papergintzan erabil daiteke. Hori bai, hiltzen denetik komeni da urte bete edo bi gehienez ez pasatzea. Propietateak galtzen ditu. Baina zuhaitza aurreko hilabetean edo duela bi hil bada, zur horrek balio du.
Moztuko balira, haien ordez zein zuhaitz mota jarriko lirateke?
Hori, normalean, nagusiak erabakitzen du. Guk lagun diezaiokegu. Nafarroan mendi azalera handiena komunala da. Orduan, udalen edo kontzejuen eskutan dago. Guk haiekin hitz eginen genuke hor zer etor daitekeen ongi, bertako espezieekin segitu nahi duten, produktiboa den beste masa bat landatu… Elkarlanean hartzen den erabakia da, kasu bakoitzaren arabera. Badira muga batzuk. Azaleraren zati bat bertako hosto-zabalekin landatu beharrekoa da. Leku batzuetan bertako pago eta haritza nagusi dira, % 80 baino gehiago betetzen duten tokian beste espezie bateko landaketak interesatzen zaie. Hor begira hasi beharko ginateke. Besteren batzuetan soilak murrizten ari dira eta herri horretan haziendarako interesa baldin badago agian baloratu daiteke soil hori mantentzea. Basoak ixten ari zaizkigu. Orokorrean basoari lotutako animalia espezieak gora doaz. Baina pixka bat eremu irekiagoetara lotutakoak (ugatza, saia…) murrizten ari dira, bai basoa bai sasitza handitzen ari direlako.
Zein azalera hartzen dute gaixotutako pinuek?
Arbizukoaren eta Olatzagutiakoaren artean 25 hektareatik behera. Kantauri isuri aldean hain larri dauden pinudietan hartu den erabakia da arraseko mozketa egitea, gehienetan bueltarik ez dutelako. Sakanan ikusten da, deigarria da, baina konparatiboki azalera ez da horren handia eta eragina ez da hain larria izan. Olatzagutiakoa pixka bat salbuespena izanik, beste pinudiak osasunez nahiko ongi daude.
Zer eragin du pinuengan?
Momentuz aztertzen ari gara. Duela hilabete-edo udaleko basozainarekin pinudia ikusten egon nintzen. Azikulak botata ditu eta kimu gazte-gazteek oraindik ez dute onddorik, baina pixka bat helduagoak direnek eraso zantzuak dituzte dagoeneko. Aztertzen joanen gara eta hiltzen-edo hasten bada gure proposamena arraseko mozketa egitea litzateke. Oraingoz eusten diote. Gure asmoa, lehenago edo beranduago, mozketa hori egitea da; baina irauten duen bitartean, oraingoz, buelta emateko aukera bat emanen diogu. Hori bai, bere kabuz izan beharko da.