Haurrak Aralarren

Guaixe 2019ko uzt. 19a, 13:43
Haurrak Aralarko santutegian.

Igandeko 12:30eko mezan gurasoek eta aiton-amonek Aralarko aingeruari aurkeztuko dizkiote haurrak.

Aralarko santutegiko igandeko 12:30eko elizkizuna berezia izanen da. Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiak Aingeruari Haurren Aurkezpena antolatu du. 16. aldia da kofradiak aurkezpena antolatu duena eta bere helburua da familiek Aralarko santutegiarekin duten lotura bereziari segida ematea. Izan ere, jende asko ezkontzen da santutegian, baina garai batean ere bataio asko ere hartzen zituen Aralarko santutegiak. Elizak bere araudia aldatu eta umeak zein bere herrian bataiatu behar zirela erabaki zuen. Horrek sor zezakeen etenari erantzuteko da, beraz, igandeko aurkezpena.

Mezan haurrak aingeruari aurkeztuko dizkiote, eta haren irudia gurtuko dute. Elizkizunaren akaberan izena garaiz eman dutenek Aralarko aingeruaren lagun dela adierazten duen pergamino bat jasoko dute, umearen izen-abizenekin. Etziko mezara izena eman gabe joaten direnak gero sakristiatik pasa beharko dira izena ematera. Azken horien kasua pergaminoa agorriletik aurrera santutegian bertan jasotzeko aukera izanen dute.