Arakildarrendako hitzordua

Guaixe 2019ko uzt. 19a, 11:45

Trikitilariak izanen dira aurten ere.

Ibarreko egunaren 16. edizioa ospatuko da bihar; aurrena, Itxasperri ermitaren inguruan 11:00etatik aurrera eta Zuhatzun ondoren, 13:30etik aurrera.

Santiago egunaren bueltan ospatzen dute arakildarrek euren eguna. Aurten garilaren 25a osteguna izanik, Arakilgo eguna aurreko larunbatera aurreratzea erabaki dute, jendeak errazago parte hartuko duelako. Beraz, arakildarren arteko harremanak sustatzeko ospakizuna bihar izanen da. 16. aldia da festa bi egoitzetan banatuta egiten dena. Ohi denez, Egiarretako Itxasperri ermita erromanikoa eta inguruak izanen dira ospakizunaren erdigunea ospakizunaren aurreneko zatian. Elizkizuna, jatekoak eta dantzak izanen dira han. Joan den urtean jaiotako bost umeri Arakilera ongi etorria eginen diete  bakoitzari ttattar bana jarriz.

2013an bezala, Zuhatzura leku aldatuko da gero ospakizuna. Karpa batek hartuko ditu arakildarrak. Han izanen da 150 pertsona baino gehiago elkartuko dituen herri-bazkaria, ondorengo mahai jolasak eta dantzaldia.

Egitaraua
11:00etan Egiarretatik Itxasperriko ermitara jaitsiera, trikitilariekin.
11:30ean Meza, Arakilgo abesbatzarekin.
12:00etan 2018an jaiotakoei ongi etorria.
12:15ean Otamena eta dantzak.
13:30ean Zuhatzura ongi etorria, txalapartariak.
13:30ean Jolas eta jostailu zaharren erakusketa.
14:30ean Herri bazkaria.
17:00etan Mus, briska, partxis txapelketak.
18:00etan Herri-jokoak.
18:00etan Puzgarriak.
19:00etan Dantzaldia Los Andusekin.
20:00etan Sari banaketa.

Non noiz izan da ospakizuna
2019 Zuhatzu
2018 Satrustegi
2017 Hiriberri
2016 Ihabar
2015 Etxarren
2014 Urritzola
2013 Zuhatzu
2012 Aizkorbe
2011 Egiarreta
2010 Etxeberri
2009 Ekai
2008 Izurdiaga
2007 Errotz
2006 Satrustegi
2005 Ihabar
2004 Hiriberri