Bizkaiko Torneoa etzi hasiko da

Guaixe 2019ko uzt. 19a, 11:06
Bakaikoak Victor izango du arerio.

Ezkurdia, Martija eta Bakaikoa pilotariek igandean jokatuko dute euren taldeekin

Igandean, uztailaren 21ean hasi eta abuztuaren 20an erabakiko da Bizkaia Torneoa. Guztira 24 pilotari lehiatuko dira, 12 enpresa bakoitzeko, eta taldeka lehiatuko dira; Bizkaiko mendien izenak izango dituzte txapelketan ariko diren 6 taldeek. Talde bakoitzak binakakoan ariko den bikote bat, lau t’erdian ariko den ordezkaria eta buruz buru lehiatuko den pilotaria izango ditu. 

Pilotari sakandarrei dagokienez, ibarreko lau pilotari profesionalek hartuko dute parte Bizkaia Torneoan. Ganekogorta taldeko bikotea izango dira Joseba Ezkurdia eta Julen Martija. Aldiz, Oiz taldeko bikotea izango dira Jose Javier Zabaleta eta Elezkano II.a. Eta Sollube taldeko lau eta erdiko ordezkaria izango da Joanes Bakaikoa.

Ezkurdia, Martija eta Bakaikoa lanera
Txapelketa uztailaren 21ean hasiko da, igandean, final laurdenetako bi kanporaketekin. Asperen adarrekoa Barakaldon jokatuko da (17:30, ETB1), Gorbeia eta Ganekogorta taldeen artean. Ezkurdia eta Martija Ganekogorta taldeko bikotea dira eta Gorbeiako Altuna III.a eta Rezusta izango dituzte aurkari. Aldiz, Baiko pilota adarreko finalerdia Etxebarrin jokatuko da (igandean, 17:30ean), Sollube eta Kolitza taldeen artean. Kasu honetan, Joanes Bakaikoa pilotariak Sollube ordezkatuko du lau t’erdian, eta Kolitzako Victor izango du aurkari.

Aspeko biko irabazleak Oiz izanen du zain, Ermuan uztailaren 25ean jokatuko den partidan, eta Baikoko irabazleak Anboto izango du esperoan uztailaren 28an Zierbenan. Bi adarreko irabazleek final handia jokatuko dute abuztuaren 20an Bizkaia pilotalekuan, Bilboko Aste Nagusian.

Taldeak

Ganekogorta: Ezkurdia-Martija binaka, Peio Etxeberria lau eta erdian eta Zabala buruz buru.

Oiz: Elezkano II.a-Zabaleta binaka, Jaka lau eta erdian eta Elordi buruz buru.

Gorbeia: Altuna III.a-Rezusta binakakoan, Retegi Bi lau eta erdian eta Dario buruz buru.

Sollube: Artola-Albisu binaka, Bakaikoa lau eta erdian eta Urretabizkaia buruz buru. 

Anboto: Olaizola II.a-Aretxabaleta binaka, Laso lau eta erdian eta Arteaga buruz buru.

Kolitza: Urrutikoetxea-Mariezkurrena binaka, Victor lau eta erdian eta Agirre buruz buru.