Pirinioak despedituta, Alpeak buruan

Guaixe 2019ko uzt. 22a, 12:05

Frantziako Tourreko Pirinioetako etapak ikusgarriak izan dira eta eragina izan dute sailkapenean. Euskaldun eta sakandar ugari izan dira bertan, txirrindulariak animatzen

Frantziako Tourrak txirrindularitza zaleak ase ditu. Ostegunean etapa menditsua, ostiralean Paueko banakako erlojupekoa; larunbatean Tourmaletan despeditu zen etapa; eta atzo Dol de Montsegur, Port de Lers eta Foix al Prat d´Albise lotu zituena. Txirrindulariek ederki sufritu duten bitartean, txirrindula zaleok, ordea, gozatu ederra hartu dugu, Pirinioetan bildu diren milaka zaleek bereziki. Makina bat sakandar hurbildu dira egunotan bertara, Tourreko festa gozatu eta gure txirrindulariak animatzera. Euskal Herriaren aldeko makina bat ekimen izan dira Tourrean, eta ikurriñak, Nafarroako banderak eta presoen etxeratzea eskatzen duten banderak nonahi ikusi dira.

Aipatzekoa da liderrak, Deceuninck-Quick Step taldeko Alaphilippek, ederki eutsi diela Pirinioei. Atzo erakustaldia eman eta sailkapen orokorrean  zazpigarren postura igo zen Movistar Team taldeko Mikel Landak Tourra irabazteko beste faborito bat ikusten du Alaphilippe, ez tarte baterako liderra. Aurreko asteko erorikoaren ondoren 2 minutu luze galdu zituen txirrindulari arabarrak; eta atzoko etapan, bere taldekideen laguntzarekin, tartean Hiriberriko Imanol Erbiti, erasoa jo eta hirugarrena sartu zen helmugara, Mitchelton taldeko Simon Yates irabazlearengatik 33 segundora. Gorka Izagirre (Astana) Fuglsang liderra laguntzen ibili zen. Astana taldearen estrategia ez zen oso ongi ulertu, Landak erasoa jo zuenean Fuglsangek ere parte hartuko zuela aurreikusten baitzen, haize-babesengatik sailkapen orokorrean denbora asko galdu baitzuen, baina atzean gelditu ziren Astanakoak, eta geroago, Prat d´Albiseko azken portuan, aldiz, abiadura bizkortu zuten.  

Sailkapen orokorrean, esan bezala Alaphilippek eusten dio maillot horiari (61:00:22), 1:35era Geraint Thomas (Ineos) eta 1:47ra Steven Kruijswijk (Jumbo) dituela. Pinot (FDJ) da laugarrena, 1:50ra, Egan Bernal (Ineos) da bosgarrena, 2:02ra, Buchmann (Bora) seigarrena, 2:14ra, eta zazpigarren postura igo da Mikel Landa, 4:54ra. Fuglsang (Astana), bederatzigarrena da, 5:27ra. Gure txirrindulariei dagokienez, Gorka Izagirre 58.a da, 1:20:36ra, eta Imanol Erbiti 97.a, 2:01:29ra.

Alpeetan ere mugimenduak espero dira
Gaur atsedenaldia hartuko du Tourrak, baina ondoren Alpeetako hiru etapa oso gogor daude jokoan, igandean Parisko Champ Elyseetara iritsi baino lehen. Oraindik ere mugimenduak espero dira. Landak, esaterako, ez du podiuma baztertzen. ʺErori nintzen egunean denbora asko galdu nuen, baina podiuma oraindik posiblea da. Etapa garaipenen bat ere lortu nahi nuke, eta oso gogorrak diren etapak ditugu aurretik”.