Bakaikoaren Sollube aurrera eta Ezkurdia eta Martijaren Ganekogorta bidean Bizkaiko Torneoan

Guaixe 2019ko uzt. 22a, 13:18

Joanes Bakaikoaren taldeak, Sollubek, aurrera egin du Bizkaiko Torneoan eta finalerdietan Anboto izango du aurkari.

Atzo, igandean, Bizkaiko Torneoko final laurdenak jokatu ziren eta Joanes Bakaikoaren Sollube eta Gordea taldea sailkatu ziren finalerdietarako. Ezkurdia eta Martijaren Ganekogorta eta Kolitza bidean geratu ziren

Atzo hasi zen Bizkaiko Pilota Torneoa, Barakaldon eta Etxebarrin jokatutako bi final laurdenekin. Torneo hau taldeka jokatzen da. Guztira 6 talde ariko dira, hiru enpresa bakoitzeko, Bizkaiko mendien izenak dituzten taldeak, buruz buru, lau t’erdian eta binaka jokatzen.

Barakaldon Ezkurdia eta Martijaren Ganekogorta eta Gorbeia lehiatu ziren, Asperen adarrean. Buruz buru, Ganekogortako Zabalak partida bikaina egin zuen eta 18 eta 2 irabazi zion Dario Gomezi, sekulako erakustaldian. Baina gainontzeko bi partidatan Gorbeia gailendu zen. Binaka, Jokin Altunak eta Beñat Rezustak 18 eta 22 irabazi zieten Joseba Ezkurdiari eta Julen Martijari eta berdinketa apurtzen zuen lau t’erdiko partidan, Gorbeiako Julen Retegik 11 eta 18 irabazi zion Peio Etxebarriari.

Etxeberrin, Baiko pilotako final laurdena jokatu zuten Sollubek eta Kolitzak. Buruz buru, Sollubeko  Urretabizkaiak 14 eta 18 irabazi zion Kolitzako Agirreri; binakakoan Kolitzako Mikel Urrutikoetxeak eta Jon Mariezkurrena ongi aritu ziren, baina Sollubeko Iñaki Artola eta Jon Ander Albisu gailendu ziren, 20 eta 22. Bukatzeko, eta nahiz eta jokoan ezer ez egon, lau t’erdian Joanes Bakaikoa etxarriarra primeran aritu zen eta Victor Estebani 10 eta 18 irabazi zion.  

Datorrena
Horrela, Aspeko adarrean Gorbeia taldeak Jose Javier Zabaletaren Oiz taldea izanen du aurkari Bizkaiko Torneoko finalerdietan, ostegunean, uztailaren 25ean Ermuan jokatuko den partidan. Beste finalerdian, Baiko pilotako adarrean Joanes Bakaikoaren Sollubek Anboto du zain uztailaren 28an, igandean, Zierbenan. Bi talde txapeldunek Bizkaiko Torneoko finala Bilboko Aste Nagusian jokatuko dute, abuztuaren 20an.

Taldeak

Ganekogorta: Ezkurdia-Martija binaka, Peio Etxeberria lau eta erdian eta Zabala buruz buru.

Oiz: Elezkano II.a-Zabaleta binaka, Jaka lau eta erdian eta Elordi buruz buru.

Gorbeia: Altuna III.a-Rezusta binakakoan, Retegi Bi lau eta erdian eta Dario buruz buru.

Sollube: Artola-Albisu binaka, Bakaikoa lau eta erdian eta Urretabizkaia buruz buru. 

Anboto: Olaizola II.a-Aretxabaleta binaka, Laso lau eta erdian eta Arteaga buruz buru.

Kolitza: Urrutikoetxea-Mariezkurrena binaka, Victor lau eta erdian eta Agirre buruz buru.