Txirrindulariak, ibarra zeharkatzen

Guaixe 2019ko uzt. 22a, 13:40

Txirrindulariak Lizarraldetik etorri dira Sakanara. Argazkia: @ConBici

Nafarroak hartu du ConBici zikloturisten topaketa, ostiralean hasi zena eta igandean bukatuko dena.

ConBici bizikletaren aldeko eta garraio jasangarriaren aldeko koordinakundea da eta bera da bi urtean behin zikloturisten topaketa antolatzen duena. Aurtengoa 19. edizioa da. Nafarroa erdialdean eta iparraldean barna ibiliko da tropela, Iruñea hasi eta bukatzen den zortzi etapetako ekimenean. 400 bat txirrindularik bat egin dute ekimenarekin. Bart Urbasako kanpinean lo egin ondoren Lekunberri bitarteko bidea egin behar dute Sakanan barna. Bi ibilbide dituzte helmugara iristeko Zuarrarrate portuan barna edo Irurtzundik pasatuz.

Zikloturisten topaketa 1985ean sortu zen. Estatuan hainbat talde zikloturismoa eta hiri-txirrindularitza sustatzen hasiak ziren. Kezkak eta proiektuak partekatzeko helburuz sortu zen topaketa. Antolatzaileek bizikleta martxarekin beste helburu batzuk ere lortu nahi dituzte. Alde batetik, aisialdi espazio alternatibo eta jasangarria sustatu eta ikusarazi nahi dute. Horrekin batera, bizikletan bidaiatzeko aukerak erakutsi nahi dituzte. Aldi berean, parajeak eta haien balioa ezagutarazteko aukera eskaintzen du ere.

Topaketak hasi eta 10 urtera, 1995ean, ConBici erakundea sortuko zen. Ongi pasatzearen, osasunaren, jasangarritasunaren, pertsonen arteko gertutasunaren, ekologiaren, kultura-ondarearen, garraio publikoarekin intermodalitatearen eta  beste hainbat arloren ikur da bizikleta parte-hartzaileendako.