Igor Arrieta bigarrena Aiegin

Guaixe 2019ko uzt. 23a, 12:56
Igora

Thomas Gloag garailetik 7 segundora sartu zen Sakana Group taldeko uharte arakildarra. Lehendabiziko hamarren artean 5 sakandar sailkatu ziren

Igandean junior mailako Aiegiko Udal Txit Gorena Saria jokatu zen, 84 kilometroko proba gorabeheratsua. Aurreko astetan bezala Fundacion Lintxu taldeko Thomas Gloag txirrindulariak sekulako erakustaldia eman zuen eta bakar-bakarrik iritsi zen helmugara, beste garaipen bat lortuaz (2:07:12). Zazpi segundora Sakana Group-Aralar taldeko Igor Arrieta sartu zen. Bigarrena izateaz gain, mendiko txapelketa irabazi zuen uharte arakildarrak. Burundako Quesos Albeniz taldeko Iker Mintegi laugarrena sartu zen, Unai Aznar bosgarrena, Aitor Alberdi zortzigarrena eta Lizarte taldeko Jon Gil lakuntzarra hamargarrena. Beraz, lehendabiziko 10 txirrindularietan 5 sakandar. Gainontzekoei dagokienez, Mikel Arretxe (Beola) 20.a sartu zen helmuga ea Inhar Astitz (Sakana G.) 24.a.

Kadeteak Ordizian
Larunbatean kadeteen mailako Txapel Gorri Proba jokatu zen Ordizian, 77 km-ko lasterketa. Viveros San Anton taldeko Aitor Agirrek irabazi zuen, merezimendu osoz (1:29:00). Quesos Albeniz taldekoei dagokienez, Hugo Aznarrek 16. postuan gurutzatu zuen helmuga, Sergio Lopezek 17.ean, Mikel Uncillak 25.ean, Jon Chamorrok 32.ean, Oihan Etxeberriak 43.ean eta Ander Villalobosek 74.ean.

Afizionatuak Leintz Gatzagan
Asteburuan Dorletako Ama Saria jokatu zen Leintz Gatzagan, 100 km-ko lasterketa, Euskaldun Txapelketarako baliagarria. Rural Kutxa-Seguros RGA taldeak bolada onarekin jarraitzen du, bere taldekide Oiar Lazkanok garaipena lortu baitzuen (2:17:09). Talde sakandarreko Josu Etxeberria iturmendiarra 16.a sartu zen, 58 segundora. Asiera Ormazabal ziordiarra (Lizarte) 28.a iritsi zen eta Ailetz Lasa ziordiarra (Goierriko TB-Laboral Kutxa) 77.a.  

Ostiralean eskolen proba Olaztiko festetan
Ostiralean, 17:00etan, txirrindularitza eskolen proba jokatuko da Olaztiko Santa Ana festetan, Erburua kiroldegiaren inguruetan. Gynkana probak eta lasterketak jokatuko dira.