Sare Herritarrak euskal presoen giza-eskubideen defentsaren aldarriarekin abiatu zuen bere bidea duela bost urte. Sarek beste ziklo honen aurrean pauso bat aurrera emateko garaia dela azpimarratu nahi du, eta, horretarako, aurrera begirako helburuak ezarri ditu: auzi hau, behin betikoz konpondu behar dugu, gertatutako oro errepika ez dadin bermeak ezarri eta herri hau normalizazio egoera batera eraman.
Ziklo honek eta ezarritako helburuek beste urrats batzuk eskatzen dituzte; horregatik, bere dinamikak bi norabidetan abiatuko ditu: batetik, salbuespen neurri eta legediarekin behin betiko amaitzeko lanketa, salbuespen neurri horiek baitira euskal preso eta iheslariei etxeratzeko dagokien bidea egitea eragozten dietenak; eta, bestetik, elkarbizitza egoera bat garatu ahal izateko bizikidetzaren lanketa, errekonozimenduan, errespetuan eta enpatian oinarriturik.
Eta bi bide horietan aurrera egin ahal izateko Sarek honako lan hauek ezarri dizkio bere buruari:
Alor instituzionalean lanean jarraitu; izan ere, bai gizarteak bai gizarte eragile eta instituzioek konponbiderako subjektu aktibo izan behar dute.
Horrez gain, Euskal Herrian bezalaxe, estatu espainiar zein frantziarrean lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu, mendekuzko espetxe politika honi amaiera emateko aliantzak indartuz, sareak sortuz eta harreman berriak garatuz ordezkari, eragile eta inplikatutako pertsona guztiekin.
Eta azkenik, gizartearen aktibazioan sakontzen jarraituko dugu. Dakigun moduan, iparraldean garatutako prozesua ez zen posible izango gizarte osoaren bultzadarik gabe. Horregatik hemen ere, herri eta auzo bakoitzean, eremu guztietan eragin behar dugu. Gure dinamikak ugaldu eta sareak hedatuko ditugu, ezberdinen aktibazioan sakondu eta gizarte zibilaren mobilizazio eta konpromisoa ahalbidetzeko bideak sortzeko asmoarekin.
Ildo horretatik, abuztuaren 3an Etxarrin eginen dugun eskualde mailako manifestaziora dei egiten dizuegu.