Espetxea iluntasuna da, argi-printzarik sartzen ez den zulo beltza, eta gaixotasun larri eta sendaezinen bat duen presoa iluntasun horretan bizi da egunero. Beste zailtasun bat da, krudelkeria bidegabe bat, espetxea bezalako leku beltz batean bizirauteko.
Estatu espainiar eta frantziarrak mendekuzko espetxe politika indarrean dutela, gaur egun 21 euskal presok osasun gaitz larriak eta sendaezinak dituzte. Horietako bat da Jon Gurutz Maiza Artola etxarriarra, patologia larriak baititu eta adin nagusikoa baita.
Konponbidean urratsak emateak euskal presoen korapiloa askatzea ekarri behar du nahitaez, eta, bide horretan, ezinbestekoa da gaixotasun sendaezinak dituzten euskal presoak etxeratzea: 21 preso horiek kalean egon behar dute. Pertsona hauen osasunarekin eta sufrimenduarekin bestelako kalkuluak egitea ankerkeria hutsa besterik ez da.
Egoera hori islatu nahian, auzolanean egindako dokumental bat aurkeztuko dugu datorren abuztuaren 1ean, iluntzeko 21:30ean, Etxarri Aranazko plazan. Dokumentalean, Jon Gurutzen hitzak entzungo ditugu; Jone Zabaleta optiko optometristak Jon Gurutzek dituen gaitzak azalduko dizkigu; Igor Artiedak Jon Gurutzen eguneroko bizimoduari erreparatuko dio; Xantiana Cachenaut abokatua egoera juridikoaz ariko da; eta, azkenik, Bautista Barandalla preso ohiak berak bizi izandako egoera kontatu eta mobilizazioaren beharra azpimarratuko ditu. Luisillo Kalandraka musikariak jarri dio soinu-banda dokumentalari. Hortaz aparte, hainbat herritar aritu dira grabazioetan, itzulpenetan edo eta bestelako lanetan. Eskerrik asko guztiei proiektu hau aurrera ateratzeko egindako lanagatik!
Argira ekartzeko ahaleginak, konpromisoak, indarrak behar ditugu… Iluntasun hori atzean utzi eta argi-printzek etxerako bidean laguntzeko.
Orain, Jon Gurutz!
Larriki gaixorik diren presoak etxera!
Denok batera, presoak etxera!