Sakanako errugbi campusa, ate joka

Guaixe 2019ko uzt. 24a, 15:10

Hurrengo astean gauzatuko da, uztailaren 29tik abuztuaren 2ra, Urdiainen. 18 neska-mutiko daude izena emanda baina nahi duenak izena eman dezake Mank-en

Sakanako Mankomunitateko kirol zerbitzuak udarako antolatutako campusetan azkena Sakanako Errugbi Campusa izanen da. Uztaileko lehen bi astetan Sakanako Futbol Campusa izan zen, aurreko astean hasi eta ostiralean despedituko da Sakanako Triatloi Campusa eta Sakanako Errugbi Campusa astelehenean, uztailaren 29an hasi eta abuztuaren 2an despedituko da.

Urdiaingo Aitziber futbol zelaian gauzatuko da Sakanako Errugbi Campusa. Uztailaren 29an, 30ean eta 31n arratsaldez ariko dira, 16:00etatik 19:00etara, eta abuztuaren 1ean eta 2an goizeko 10:30etik 13:30era. ʺErrugbiaren hastapenak landuko dituzte, teoria eta praktika uztartuz, baina udako campusa denez, udari lotutako beste jarduera batzuek ere tokia izango dute. Egun batean igerilekuetara joango dira, beste egun batean mendira…” azaldu digu Mank-eko teknikari Amaia Gerrikagoitiak. Xabier Mazkiaran izango da monitorea.

Momentuz, 18 neska-mutiko daude izena emanda, baina norbaitek animatu nahi badu, Mank-eko Kirol Zerbitzuan eman dezake izena (kirolak@sakana-mank.eus edo 948 464 866). Prezioa: 35 euro.

Bestalde, futbol eta triatloi campusen balorazio oso ona egin du Mank-eko kirol teknikariak. ʺMonitore guztiei egiten duten lan bikaina eskertzen diegu. Futbol campusean Iokin Lobo, Malen Beraza eta Asier Merchan ibili ziren eta triatloian Urko Berdud eta Aitor Mozo. Sekulako lana egiten dute. Futbol campuseko balorazio orriak jaso ditugu eta balorazioa oso ona izan da. Bilbora joan ziren San Mames ikustera eta Ereaga hondartzara, Errealeko Itsaso Uriarte eta Athleticeko Ane Azkonaren bisita jaso zuten… bikain. Aurki triatloi campuseko balorazioak jasoko ditugu eta errugbi campusa despeditzerakoan, errugbikoak” gaineratu zuen.  

Asteartean kayak Lakuntzan
Asteartean, uztailaren 30ean, Mank-ek antolatutako kayak jardunaldia izanen da Lakuntzako igerilekuetan, 17:00etatik aurrera. Doaneko jarduera da, baina antolakuntzari begira izena eman beharra dago Mank-eko Kirol Zerbitzuan  (kirolak@sakana-mank.eus edo 948 464 866). Izena ematen dutenen kopuruaren arabera autobus zerbitzua egonen da.