Triatloiak badu harrobia

Guaixe 2019ko uzt. 26a, 11:23

Larunbatean XVIII. Sakanako Haur Triatloia jokatu zen Urdiainen, Nafar Kirol Jolasetarako baliagarria. 100 triatletek harut zuten parte, tartean 15 sakandarrek. Unax eta Eider Mazkiaran, Oihan Andueza, Asier Razkin, Ane Iturrioz, Oier Carabias eta Hegoi Lakuntza podiumera igo ziren

Sakanako Mankomunitateak antolatuta, larunbatean XVIII. Sakanako Haur Triatloia jokatu zen Urdiaingo igerilekuetan, Nafar Kirol Jolasetarako (NKJ) baliagarria. Eguraldia lagun, Urdiaingo igerilekuetan, Urrizti inguruetan, Dantzalekun eta Basoitxiko paraje zoragarrietan gauzatu zen igeriketa, txirrindularitza eta atletismoa batzen dituen proba.

Guztira 100 triatleta inguru aritu ziren. Proba Nafar Kirol Jolasetarako baliagarria denez, Nafarroako toki askotatik etorri ziren neska-mutikoak, baita Errioxatik gerturatu ziren lau gaztetxo. Tartean zeuden 15-20 sakandar inguru, asko ostiral honetan despedituko den Sakanako Triatloi Campusean trebatzen ari direnak.

Probak goizeko 10:00etatik aurrera jokatu ziren, ondoko kategorietan: kadeteak, haurrak, kimuak, benjaminak eta aurre-benjaminak. Proba ederrak izan ziren, eta bukaeran, indarrak berreskuratzeko, guztiendako ogitartekoa eta fruta prest zituen antolakuntzak. Sakandarrek maila ederra eman zuten eta 7 triatleta podiumera igo ziren: Unax Mazkiaran bigarrena izan zen aurre-benjaminen mailan; Eider Mazkiaran hirugarrena emakumezkoen benjaminen mailan; Oihan Andueza bigarrena eta Asier Razkin hirugarrena gizonezkoen benjaminen mailan; Ane Iturrioz bigarrena kimuen emakumezkoen mailan; Alain Razkin txapelduna eta Oier Carabias hirugarrena gizonezkoen kimuen mailan; eta Hegoi Lakuntza bigarrena gizonezkoen haurren mailan.

Egun bikaina, aldaketekin
Sakanako Mankomunitateko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak egunaren balorazio oso positiboa egin du. ʺBikain joan zen eguna. Aurten, berrikuntza moduan, txirrindularitza segmentuko ibilbidea aldatu genuen. Tartean, San Pedrotik barna Basoitxiko dameroko bidea hartu genuen, eta gero ibilbidea berriro bueltatzen zen beste aldetik, Dantzalekura iritsi ondoren. Triatletek oso ongi baloratu zuten aldaketa, izugarri gustatu zitzaien. Horregatik, hurrengo urtetan horrela jarraituko dugu” azaldu zuen kirol teknikariak. Gerrikagoitiak Sakana Triatloi Taldeak emandako laguntza eskertu zuen. ʺIbilbide aldaketa Sakana Triatloi Taldeak proposatu zuen, Mikel Lakuntzak. Beraien laguntzaz antolatzen dugu proba, izan ere antolaketan eta bidegurutzetan jende asko behar da, eta euren laguntza ezinbestekoa da”.

Eguraldi bikaina egin zuen, ez bero ez hotz, eta Gerrikagoitiak ʺoso gustura” ibili zirela gaineratu zuen. ʺAzkoien, Tutera, Antsoain, Iruñea… bertatik datozenek asko gozatzen dute gure proban, paisaiarengatik. Izan ere, halako toki ederrean aritzea  bikaina da” nabarmendu zuen kirol teknikariak.

Urte askoko lanaren emaitza
Igandean despedituko da garilaren 15ean hasi zen Sakanako Triatloi Campusa, Sakanako Mankomunitateak antolatutakoa. 25 neska-mutil daude bertan trebatzen. Mank-eko kirol zerbitzuak urte asko daramatza triatloia bulkatzen, Sakana Triatloi Taldearen laguntzarekin. ʺCampuseko monitoreak Urko Berdud eta Aitor Mozo dira, urte asko daramatzate eta hori nabaritzen da. Neska-mutikoak gustura aritzen dira campusean, askok urtero errepikatzen dute eta, horretaz gain, aurten ere berriak daude” aipatu zuen Gerrikagoitiak. Sakanan triatleta harrobia dugun ala ez galdetuta, taldetxoa badagoela aitortu du. ʺHau guztia urte askotako lanaren emaitza da” aipatu du.


Sakandarrak Sakanako Haur Triatloian
Aurrebenjaminak, emakumeak
1.Lola Remacha (Aranguren)    7:01

Aurrebenjaminak, gizonak
1.Pablo Alcaide (Atalaya)    6:36
2.Unax Mazkiaran (Sakana)    6:43
5.Enaitz Aldunate (Sakana)    7:36

Benjaminak, emakumeak
1.Itziar Arrosagarai (Aranguren)    8:30
3.Eider Mazkiaran (Sakana)    10:51

Benjaminak, gizonak
1.Julen Beraza (Tri-Ur Gazia)    8:05
2.Oihan Andueza (Sakana)    8:25
3.Asier Razkin (Sakana)    8:27
4.Eneko Razkin (Sakana)    8:29
5.Ekaitz Berdud (Sakana)    8:47
12.Beñat Etxeberria (Sakana)    9:43

Kimuak, emakumezkoak
1.Nahikari Lopez-Roso (Tri-Ur Gazia)    15:48
2.Ane Iturrioz (Sakana)    16:12
4.Ane Beltran de Heredia (Sakana)    16:20

Kimuak, gizonak
1.Alain Razkin (Sakana)    14:41
3.Oier Carabias (Sakana)    15:33
5.Xabier Olaiz (Sakana)    15:59
11.Aitor Aldunate (Sakana)    18:04

Haurrak, emakumezkoak
1.Jennifer Lopez-Roso (Tri-Ur Gazia)    27:50

Haurrak, gizonak
1.Sergio Ajona (Antsoain)    26:31
2.Hegoi Lakuntza (Sakana) 27:28

Kadeteak, emakumeak
1.Silvia Riaño (Atalaya)    1:03:59

Kadeteak, gizonak
1.Nicolas Gomez (Hiruki)    49:12