Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoko langileak protesta bilkura eginen dute gaur eguerdian, udaletxe parean. Langileek azaldu dutenez, hilaren 8an jakinarazi zieten “lankide bat, inolako arrazoirik gabe, kaleratu zutela. Bidegabeko kaleratzea, zuzendaritzak bere egin duena, ez baitago inolako kausarik”. Langileek argudiatu dutenez, “lankide honek egin zuen gauza bakarra da duela urte bat eszedentzia bat eskatzea; trebatzeko, klinikari eta erabiltzaileei zerbitzu hobea eman ahal izateko”. Lanera bueltatzean kaleratu zuten. Erabakiak klinikako langileen artean “ezinegon handia eta ziurgabetasuna sortu ditu”.
Klinikako langileendako gertatutakoa “injustizia” da. “Kudeatzailearekin langilea berrartzeaz hitz egiten saiatu ginen, alferrik”. Horregatik, hilaren 13an, ostegunean, klinikako atarian protesta kontzentrazioa egin zuten. “Bidegabekeriagatik protestatzeko klinikatik kanpo aterako gara berriro, eta guztiak kontzentrazioan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu”.